Trena lur azpitik doa gaur

Anboto 2012ko abe. 17a, 08:31

Hiru urteko atzerapenaren ostean, Durangon lurpetik joango da trena gaurtik aurrera. Lau kilometro egingo ditu lurrazpian trenak. Lanek 200 milioi eurotik gorako inbertsioa eskatu dute. Historikoa da egun hau herriarentzat; 130 urte dira Durango eta Bilbo arteko lehenengo tren bidaia egin zenetik. Hori bai, trenbideak herria erdibitzen jarraituko du momentuz.

Hiru urteko atzerapenaren ostean, Durangon lurpetik joango da trena gaurtik aurrera. Lau kilometro egingo ditu lurrazpian trenak. Lanek 200 milioi eurotik gorako inbertsioa eskatu dute. Historikoa da egun hau herriarentzat; 130 urte dira Durango eta Bilbo arteko lehenengo tren bidaia egin zenetik. Hori bai, trenbideak herria erdibitzen jarraituko du momentuz.

 

Durangoko tren geltokia ere prest dago. Gaur zabaldu dute. Era berean, gaurtik aurrera Iurreta, Durango eta Abadiñotik trenak egiten duen bidean dauden zazpi trenbide pasabideak baliogabetuko dira. Oinezko zein ibilgailuen trafikoan igarriko da aldaketak gaurtik aurrera. Segurtasuna, irisgarritasuna eta erosotasuna lortzea izan dira obra horren helburu, orduan jarduneko Herri-lan eta \"\"Garraio sailburu zen Iñaki Arriolak joan zen astelehenean azaldu zuenez. 2005ean Durango Operazioa legez bataiatutako proiektuaren atal bat da amaitu berri den obra. Krisiaren ondorioz, gainazalean eremu librean geratuko dena dago airean, garbiketa zein eraikuntza arloetan -dorre-etxeak egin gura zituzten, esaterako-. Beraz, oraindik badago lanik. Arriolak azaldu zuenez, trenen garajea Lebariora datorren urtean eroango dute.

 

Bestalde, geltokian bertan, merkataritza gunea eraikitzen hasi barik daude oraindik.

 

 

Udal ordezkarien adierazpenak

 

  • Aitziber Irigoras (EAJ):  
    "Albiste ezin hobea durangarrontzat"

Durangotik pasatzen den trena laster lurpetik pasako da, eta hori albiste ezin hobea da durangar guztiontzat. Badira 130 urte trena hirigunetik igarotzen dela, azken urte hauek luzeegiak egin zaizkigu, batez ere, Patxi Lopezen  Jaurlaritzak agindu zituen epeak bete ez direlako. Azkenean, Durangok bizi-kalitatea hobetuko du: hirigunean 6 pasonibel daude ibilgailuen eta oinezkoen hara-honakoak eragozten dituztenak orduko lau aldiz. Aurrerantzean udalerria ez da bi zatitan bananduta egongo. Edozelan ere, trenbideak eta inguruko hormek sortarazten dituzten oztopo arkitektonikoak ezabatzeko itxaropena Jaurlaritza berrian daukagu jarrita.

 

  • Jon Bigen Landabidea (BIldu):
    "Durangarroi zorionak!"

Herritarron erreibindikazio historiko bat lortu dugu Durangon trenaren lurperatzearekin.
Durangarron hurrengo erronka, trenaren lurperatzeagaz libre gelditu diren lurrak berreskuratzea izango da, eta horren helburua herritarren bizi kalitatea hobetuko duen proiektu bat garatzea izango da.
Interes sozialeko proiektu bati ateak ireki gura badizkiogu, gaur egun abian dauden proiektu espekulatzaileak (dorreak, luxuzko etxeak...) albo batera utzi behar ditugu, egitasmo horiek  iraganeko etengabeko hazkundearen filosofian oinarrituta baitaude.Animo hurrengo erronkan.

 

  • Idoia Agorria (PSE-EE): 
    "PSE-EEk bete du bere hitza"

 Alkateak gerra politikoak Durangoko beharrizanen aurretik jarri ditu trenaren lurperatzean. Sozialistok Jaurlaritzara sartu ginenean, alderdi hau erasotzeari ekin zion,  alkate moduan durangarron interesak defendatu beharrean.
Lau urte eta erdian EAJk obren %39 kudeatu du. Gainerakoa, %60 baino gehiago, gobernu sozialistak kudeatu du hiru urte eta erdian. Beraz, Patxi Lopezen gobernua izan da proiektu honi lehentasuna eta indarra eman diona. Krisia egon arren, Durangora bideratu den aurrekontua 220 milioikoa izan da. PSE-EEk bete du bere hitza. Alkate eta enparauek noiz egingo dute berdin?

 

  • J.J. Gaztañazatorre (PP): 
    "Azkenean!"

Trena lurperatzeko obrak 2009ko abenduan amaituko zirela entzun genuen lehenengo. Ondoren, 2010ean izango zela jakinarazi zuten, eta horren ostean, 2011ko abendura atzeratu zuten.
Azkenean, Durangorako hainbeste desiratzen genuen proiektua errealitate bilakatu da. Zinegotzi izateaz gainera, herritar ere banaizen aldetik, poztasun handia sentitzen dut laster trena lur azpitik joango dela ikustean.
Bitxia den arren, obren amaieraren inguruan Durangoko Udalak ez du ezelako jakinarazpenik jaso. Herritar guztiekin batera, hedabideetan kaleratu denean ezagutu dugu albistea.

 

  • Dani Maeztu (Aralar):
    "Meritua edo demeritua"

Berandu heldu da lurperatzea. PNV eta PSE lehia bizian ibili dira, proiektuaren meritua norena den argitzeko. Meritua baino, demeritua esango genuke. Alderdi biek partekatzen dute atzerapenean eta gastatu den dirutzan neurtu daitezke demerituen ardura. Espekulazioak ere zerikusia izan dezake.
7 urte eman dira obra eraikitzeko. Denbora larregi beharrizan estrategikorako. Beharrizana, garraio kolektibo ekologikoena delako, eta langileak eta ikasleak garraiatzeko tresna onena delako.
Orain, EAJri dagokio bere ezgaitasuna  konpontzea: trenbideak gaur egun okupatzen duen lekua libratzea.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!