Lanak hasita, bidegorria otsailean ailegatuko da Tabira auzora

Anboto 2012ko abe. 15a, 08:11

Alde zaharra eta Tabira lotzeko lanak hasi ditu udalak; otsailean amaituko dira

Alde zaharra eta Tabira lotzeko lanak hasi ditu udalak; otsailean amaituko dira.

 

Durangoko bidegorri sareak tarte berri bat edukiko du laster. Alde zaharra eta Tabira lotzeko lanak hasi ditu udalak, eta otsailean amaituta egongo dira. Horren berri eman dute Tabiran bertan Aitziber Irigoras alkateak eta Asier Gisasola udal teknikariak. Obrak 400.000 euroko kostua dauka, baina IHOBE erakunde publikoaren laguntzagaz ordainduko dute osorik.

 

Ibilbide bi edukiko ditu tarte berriak. Bat Pinondotik irtengo da, eta bestea, Intxaurrondotik. Biak Tabirako parkean batuko dira. Hizkuntza Eskolara eta Ibaizabal ikastolara helduko da sarea, besteak beste. Diseinu hori Tokiko Agenda 21eko foroan landu dute.

 

Bidegorri sarearen seigarren fasea da , eta udako igerilekuetaraino joango da. Garrantzia eman dio horri Irigorasek: “Umeei begira, bizikletaz joateko bide seguru bat egin gura genuen”. Tabirabide kalea norabide bakarrekoa izango da trafikoarentzat, eta aparkalekua alde batera kokatuko dute. Baina kopurua ez dela jaitsiko argitu dute. Otsailetik aurrera, Durangok ia hamar kilometroko bidegorri sarea edukiko du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!