Gaixotasun neurologiko bat daukan Galdakaoko umeari laguntzeko ekimena abiatu du Uztai taldeak. Kanpainagaz bat egin du Durangoko Andereak elkarteak ere bai, eta, emakumeen kontrako biolentzia salatzeko elkarretaratzeagaz bat egingo dute. Gaur izango da 20:00etan.
Uztai taldeak mugikor zaharrak batzeko kanpaina jarri du martxan. Ekimena Galdakaoko bi urteko ume bati laguntzeko antolatu dute. Ume horrek Gaizka du izena eta, Angelman sindromea du, gaixotasun neurogenetikoa. Sintoma nagusiak berba egiteko ezintasuna eta adimenean eta garapenean atzerapen latza izatea dira. Gaizkak epilepsia-krisiak eta konbultsioak ditu, eta lo gutxi egiten du.
Uztai taldeko kideek azaldu dutenez, hiru hilabete zituenetik, batez beste, hiru ordu eskas egiten du lo gauean. Gaineratu dutenez, familiaren bizimodua oso zaila da. Sarritan igotzen dio sukarrak 40 gradura. 24 ordutan egon behar dute berarekin eta zaintza hori oso garestia da. Batetik bestera mugitzeko behar duen aulkiak 2.600 euro balio du, gainera.
Familia honi lagundu guran, Durangoko gimnasia ritmikako taldeak mugikor zaharrak batzen dihardu. Landakoko kiroldegi zaharrera zein beraien entrenamendu saioetara eroan daitezke mugikor zaharrak.