Batzarretik kanpo, "kudeaketa negargarria" kritikatzeko

Anboto 2012ko abe. 13a, 08:30

Bildu eta Aralar ez ziren joan atzo soberakinen gaineko udalbatzarrera. Raxoiren dekretu baten ondorioz, inbertsioetarako erabiltzen ez den dirua, bankuekin dauzkaten kredituak amortizatzeko erabili beharko dute udalek

Bildu eta Aralar ez ziren joan atzo soberakinen gaineko udalbatzarrera. Raxoiren dekretu baten ondorioz, inbertsioetarako erabiltzen ez den dirua, bankuekin dauzkaten kredituak amortizatzeko erabili beharko dute udalek.

 

Gobernu taldeak 300.000 euroko kreditu aldaketa bat onartu zuen atzoko ez ohiko udalbatzarrean, PSE-EE eta PPren babesagaz. Besteak beste, Urki-Hegoalde saihesbideko obra amaitzeko 147.000 euro bideratu dituzte, eta dietak zein BEZaren igoera lako gastuak kubrituko dituzte. Udalak daukan soberakinetik hartu dute dirua. Bildu eta Aralar ez ziren batzarrera joan, eta prentsaurrekoa eman zuten aurretik: “Lotsagarria da. Ez gara iruzur bateko konplize bihurtuko”. Diotenez, udalak 8 milioi euroko geldikina zeukan urrian. “Kanpainetan saldutako, baina inoiz egin bako proiektuetatik” ei dator kopurua. EAJren gestioaren aurka egin dute: "Kudeaketa negargarri baten epilogo tristeena da".

 

Kontua da, Raxoiren dekretu baten ondorioz, inbertsioetarako erabiltzen ez den dirua, bankuekin dauzkaten kredituak amortizatzeko erabili beharko dutela udalek. Horregatik, geldikineko 7 milioi baino gehiagogaz ezer ez dela egingo txarretsi dute Bilduk eta Aralarrek. Eta eguazteneko 300.000 euroen inguruan, benetako beharrizanak aztertu barik gastatuko direla uste dute. Adibide legez ipini dute Durangon 1.971 langabetu daudela, eta diote egoera honetan dietak eta BEZaren igoera kubritzea ezin direla lehentasunak izan. Urki-Hegoaldeko obra duela bost urte onartu zela ere gogoratu dute.

 

EAJren eredua jarraitzea leporatu diote PSE-EEri. Baina, orain ere eskua luzatu diote, “Durango ezkerretik eraikitzeko”. Sozialistek udalbatzarrean esan dute arduraz jokatu dutela egitasmoak onartzean, euren ustez beharrezkoak direlako. Batez ere saihesbideari eman diote garrantzia. EAJk ere adierazi du arduraz jokatu duela. Pozik agertu da akordioetara heltzeko gaitasuna ikusi duelako. Herritarrei begira, saihesbidea garrantzi handiko proiektua dela uste du.

 

\"\"

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!