Gaztetxeari bizitasuna eman gura dio belaunaldi berriak

Anboto 2012ko abe. 12a, 12:27

Programazioa egin dute Gaztetxea herrira hurreratzeko asmoz; jantoki soziala da adibide

Programazioa egin dute Gaztetxea herrira hurreratzeko asmoz; jantoki soziala da adibide.

 

Gaztetxeari bizitasuna eta dinamismoa ematea. Helburu hori dauka Sapuetxe gaztetxeko belaunaldi berriak: “Gaztetxea Durangora zabaldu gura dugu, jendearengana hurreratzea”. Ibilbide hori garatzeko programazioa egin dute gazteek. Jantoki sozialaren egitasmoa da horren adibide. Hilean behin, borondatearen truke jaten ematen dute. Gaztetxekoek plater bat prestatzen dute, eta herriko tabernei kolaboratzeko eskatzen diete, soberan geratutako pintxoak batuz; azaroko jantokirako 150 pintxo inguru batu zituzten. Horrez gainera, truke azoka ere egiten dute hileko lehenengo zapatuetan. Arropa ugari dagoela esan dute gazteek, eta gauzak trukatzera animatu dituzte herritarrak. Azaldu dutenez, liburutegi berria ere atondu dute, internet eta guzti.

 

Ziklo musikala

Aurrera begira ere hausnartzen dabiltza. Datorren urtean, Munduko musikak zikloa garatuko dute. Punk izakeratik harago, bestelako musika estiloek ere edukiko ei dute lekua. Diotenez, estilo bakoitzari egun bat eman eta dokumentalak eta kontzertuak eskainiko dituzte.

 

Hurreko ekintzen harira, datorren barikuan Santo Tomas eguna ospatuko dute, erromeria eta kalejirarekin. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!