Datorren urtarrilerako ikastaro berria antolatu du Durangaldeko Esperientzia Insitutuak: \'Gaurko munduak bizitzeko gakoak\'. Abenduaren 14ra bitartean dago izena ematea, Durangaldeko Behargintzan. 2009an sortutako Durangaldeko Institutuak 55 urte baino gehiago dituzten eskualdeko pertsonei hainbat arlotako prestakuntza eskaintzea du helburu.
Durangoko Udaleko eta Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoko Hirugarren Adineko Sailek sortu zuten Durangaldeko Esperientzia Institutua, Durangaldeko Behargintzarekin batera. "Elkartrukerako eta parte hartzeko gunea izateko asmoz" sortu zuen, 55 urtetik gorako pertsonei prestakuntza eskaintzeko, ez da beharrezkoa aurretik titulazioak izatea. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, "prestakuntza eskaintzeaz gain, esperientziak trukatzeko gune ere izan nahi du, adinekoek gizartean parte-hartze bizia izan dezaten.
\'Gaurko munduak bizitzeko gakoak\' ikastaroan honako gaiok landuko dituzte: adinekoak egungo gizartean (demografia, gizarte aukerak eta aukera pertsonalak...), historiaurretik etorkizuneko gizarterantz (jatorria, gizadiaren garapena, globalizazio desorekatua, teknologia berriak et aplikazioak...), garapen pertsonala (trebetasun sozialak, emozioen lanketa...) eta giza-partaidetza. Gaztelanaiz emango da ikastaroa, urtarrilaren 9tik maiatzaren 29ra bitartean. Eguaztenero izango dira eskolak, 17:00etatik 19:00etara. Durangaldeko herrietan erroldatutakoek 35 euro ordaindu beharko dituzte; gainerakoek, 45 euro. Informazio gehiagorako: 94 623 25 22