Euskal Dendaren 17. edizioak aurreikusitako bisitari kopurua gainditu du. Aurten 16.120 lagun igaro dira artisauen bilgunetik eta Arbasok publikoaren leialtasuna eta jarrera ona eskertu nahi izan ditu.
Abenduaren bostean zabaldu zituen ateak Euskal Dendak, “Artisautza eskura” lelopean. Euskal Herriko erakusleihorik garrantzitsuena bihurtuz, euskal lurralde guztietako ordezkariak izanik. 56 artisauk hartu dute parte aurten, gehiengoak bizkaitarrak izan dira, 25. Gipuzkoako 14, Nafarroako sei, Arabako hiru eta Ipar Euskal Herriko hiru artisauk osatu zuten Durangoko Euskal Denda.
Nekazaritza, beira, metala, zeramika eta egurra lantzen zituzten ordezkariak egon ziren. Baita ehungintza, larrugintza, harria, landare-zuntza, euskal kirolak eta kosmetika lantzen zituztenak ere. Material guztiak eskuz landuak dira eta artisautza prozesuen arauak errespetatuz diseinatuak. Inspirazio iturria oraina zein geroa delarik. Izan ere, Euskal Dendaren helburu nagusia artisautza tradizionala zein garaikidea bultzatzea eta merkaturatzea baita, beti ere Euskal Herrian egindakoaren zigiluaz.
Aurten Euskal Denda antolatzen duen Arbaso elkarteak, ijitoen kulturari toki berezia egin dio, hau izan baita kultura gonbidatua.
Euskal Dendak beti bezala, artisauen eta bisitarien arteko hartu emana sustatu nahi izan du eta aurten ere arlo horri garrantzia eman dio. Horretarako, “Artisautzaren Eginkizuna” izeneko erakusketa bat egon da, paperez egindako objetuei balorea emateko asmoz. Tailerrak antolatu dituzte eta paperaren elaborazio prozesuan ezagutza sakontzeko aukera izan dute bertaratutakoek. Aipatzekoa da Montse Buxo i Marsaren presentzia erakusteketa honetan, izan ere kataluniar honek nazioartean prestigioa du marmol itxurako paperaren lanketan. Paper birziklatuaren ekoizpena, tindatzea eta marmol itxura emateko teknikak ezagutzeko aukera ere egon da.
Euskal Denda ospatzearekin batera, duela zortzi urtetatik Artetsu sariak ere banatzen ditu Arbaso elkarteak. Abenduaren bostean ospatu zen sari banaketa eta aurten sari berri bat emateari ekin diote, Euskararen Sustatzea saria. Fernan Ruizek jaso zuen sari hau, euskararen normalkuntzan egindako lanagatik.
Beste ohiko lau sariak ere banatu ziren. Iñaki Alberdik jaso zuen Bizitza Osoa saria, 25 urtez makilak egiten aritu da eta egindako ahaleginari esker euskal makila berreskuratu izana omendu nahi izan dute. Erakundeak Lagun saria, Urduñako Udalak eta Urduñako Olaren Elkarteak eraman zuten eta Gure Tradizioak Hedatzea saria BBKko Gizarte Ekintzako Jose Ignacio Urgoiti Etxebarriak jaso zuen, datozen urteetan artisauei eta Arbaso elkarteari laguntza ematen konprometitu zelarik. Hedabideak saria aldiz, El Correo egunkariak jaso zuen, iazko Euskal Dendan egindako lanagatik.
Erakustokiei dagokienez, Alex Gonzalezen Loitz Keramika izeneko erakustokiak jaso zuen politenari saria, Arbaso elkartearen erabakiz.