Gabonetarako antolatu dituzten ekintzen berri eman du prentsaurrekoan Ander Gorrotxategik.
Izotz pista aurreko edizioetan baino apur bat txikiagoa izango da aurten. Ander Gorrotxategi gazteria saileko zinegotziak azaldu du aldaketa hori dirua aurrezteko egin dutela, "aurrekontua gutxitzeko". Iaz 90.000 euro erabili zituzten izotz gunerako, eta aurten 80.000 inbertituko dituzte. Pistaren azalera 20x40 metroko azaleratik 15x40 metrora murriztuz lortuko dute aurreztea. Zortzigarren urtez ipiniko dute pista, eta Gorrotxategik adierazi duenez 35.000 lagunek baino gehiagok erabili dute urteotan. Abenduaren 26tik urtarrilaren 6ra egongo da zabalik, 10:30etik 13:30era eta 17:00etatik 20:30era. Bariku eta zapatuetan, gauez ere zabalduko dute, 21:30etik 00:30era. Bost euro balioko su sarrerak, baina eguaztenetan hiru euroan ipiniko dute.
Ikastaroak ere eskainiko dituzte hasiberrientzat. Hamar lagun inguruko 30 talde eratzea itxaroten dute, bakoitzak ordu biko ikastaroa jasoz. Bost euro ordaindu beharko dira ikastaroetan parte hartzeko. Eguerdietan egingo dituzte.
Bariku honetan hasiko dira Gabonetako ekitaldiak, ipuin kontalari bategaz, eta urtarrilaren 6ko JAED elkartearen zozketagaz amaituko dira. Tartean, Gabon kanten haur jaialdia, Olentzero eta Mari Domingi, Pirritx, Porrotx eta Marimotots... Deneriko ekintzak eratu dituzte.
Hemen dago egitarau osoa: Gabonak