50 urte eta gero, JAEDen beharrak ez dauka etenik

Anboto 2012ko abe. 5a, 16:54
JAEDek aurten ere ipini du elkartasun loteria Andra Marin. 50 urte dira elkartea sortu zela

JAEDek aurten ere ipini du elkartasun loteria Andra Marin. 50 urte dira elkartea sortu zela.

 

JAEDen beharrak jarraitzen du 50 urte eta gero ere. Beharra, egoera gaitzean dauden hainbat familiak daukatena; beharra, elkarteko boluntarioek egiten dutena. Janari poltsak prestatzen dituzte etxean arazo ekonomikoak dauzkatenentzat. Iñaki Gorritxategi kideak esan du iaz 600 familia lagundu zituztela, eta aurtengo urrian ere 500dik gora ziren dagoeneko. Hilero hogei bat familia berri etortzen ei dira jatekoa hartzera. Gehienak kanpokoak izan arren, 90etik gora dira bertako familiak. "Asko ez dira ausartzen etortzera, baina ez dezatela beldurrik eduki; intimitatea errespetatzen dugu". Familia horiek, udaleko gizarte sailera joan behar dira lehenengo, eta han ipinitako baldintzen arabera ematen diete JAEDera joateko aukera.

 

Egungo egoeragaz, beharrak gora egin du. Lehen, Eroskitik, Elikagaien bankutik eta Europatik etortzen zen jatekoagaz nahikoa zuten, eta azkenaldian 5.000 eurotik gora erabiltzen dituzte hilero produktu gehiago erosteko. Gorritxategik azaldu du umeak ere asko direla, eta horiendako elikagai gehiago sartzeak ere bultzatu du erosten hasi beharra.

 

2013an 50 urte beteko ditu JAEDek, eta hainbat ekintza prestatuko dituzte sorrera oroitzeko. Gorritxategik kontatu du hasieran elizetan batzen zutela dirua, eta elkartea ezagutzera emateko papeletak ipini zituztela Durangoko kaleetan. Horregatik, batzuek Guardia Zibilaren kuartelera ere joan behar izan zuten.

 

Baina, 50. urtemugako ekitaldien aurretik elkartasun loterian murgilduta daude. Andra Marin ipini dute urtero legez, eta 50etik gora sari daude zozketan. Produktu berriak eta azken generaziokoak dira, azaldu dutenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!