AHTaren aurkako manifestazioa deitu dute barikuan

Anboto 2012ko abe. 5a, 08:12
\'Krisiari aurre egin: AHT GELDITU!\' lemapean manifestazioa deitu du AHT Gelditu Elkarlanak, barikuan. Abenduaren 7an eta 8an, Azpiegitura Lan Alperrikakoen eta Inposatuen aurka Europako hainbat herrialdetan burutuko dituzten moilizazioekin bat egingo du aurten manifestazioak. Azokatik abiatuko da, 17:30ean

\'Krisiari aurre egin: AHT GELDITU!\' lemapean manifestazioa deitu du AHT Gelditu Elkarlanak, barikuan. Abenduaren 7an eta 8an, Azpiegitura Lan Alperrikakoen eta Inposatuen aurka Europako hainbat herrialdetan burutuko dituzten moilizazioekin bat egingo du aurten manifestazioak. Azokatik abiatuko da, 17:30ean.

 

"Gizarteari, ekonomiari eta ingurumenari hainbeste kalte eragiten dien makro-proiektu" hori geldiaraztea eskatzeko mobilizatzera deitu ditu herritarrak AHT Gelditu Elkarlanak. Era berean, nabarmendu dute "obra inposatu honen geroa jendarteak krisiari emango dion erantzun sozialaren neurriaren araberakoa" izango dela: "hau da, kapitalismoaren gehiegikerien eta bidegabekerien aurrean, hots, murrizketa sozialen, lanpostuen galeraren eta etxegabetzeen aurrean egunero protestak pizten diren uneotan, kostu ekonomiko, ekologiko eta sozial larriak ekartzen dituen azpiegitura honetan egiten ari den baliabide publikoen odolustea behingoz gelditu beharra dagoela gero eta argiago ageri da".

 

AHTren kostu ekonomikoak "jasanezinak" dira AHT Gelditu Elkarlanak azaldu duenez, eta "obra erraldoi honekin aurrera segitzearren Madrilgo, Lakuako eta Iruñeako gobernuak sartzen ari diren zorpetze izugarriak" salatu dituzte. "Era honetan, ekonomia nahiz arlo sozial edo kulturaleko beste jarduerentzat, eta behar sozialentzat ezinbestekoak diren baliabideak erabat hipotekatzen ari dira, eraikuntzako zenbait lobbyren mesedetan". Ildo horretan, "lurraren defentsan borrokari eustera eta AHTren zentzugabekeria ekologiko, sozial eta ekonomikoa errefusatzera" dei egin dute.

 

Azken hiru asteotan Mugitu! desobedientzia mugimenduak antolatuta, AHTren aurka egin diren baraualdietan parte hartu duten pertsona guztiak txalotu dituzte. Era berean, jakin eragin dute, abenduaren 8an, Iparraldeko CADEko elkarteek AHTren aurkako tartalariekiko elkartasun ekintza informatibo bat egingo dutela Baionako Azokan, 10:00etan. Yolanda Barcinari tartak jaurtitzeagatik Madrilgo Auzitegi Nazionalean prozesaturiko lau ekintzaileen aurkako auzia salatu gura dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!