"Agerian geratu da EAJk herri hau gobernatzeko daukan gaitasunik eza"

Anboto 2012ko aza. 30a, 09:00
Bilduk, PSE-EEk eta Aralarrek aste honetako udalbatzarretan jazotakoaz hausnartu dute: \"Gure bozkak batzen jarraituko dugu, ezkerretik herria beste modu batean eraikitzeko\"

Bilduk, PSE-EEk eta Aralarrek aste honetako udalbatzarretan jazotakoaz hausnartu dute: "Gure bozkak batzen jarraituko dugu, ezkerretik herria beste modu batean eraikitzeko".

 

Hiru alderdiek prentsaurrekoa eman dute aste honetako batzarretan gertatutakoa baloratzeko. "Uste dugu EAJ ez-gaitasunean ito dela, eta gure bozkak beharrezkoak izango direla durangarren bizi kalitatea hobetuko duten proiektuak abian jartzeko". Esan dute ez direla eztabaida antzuetan sartuko: "Hori EAJri utziko diogu".

 

Oposizioak gai mozio bi aurkeztu zituen astelehenean. Dendak Bai elkarteagaz hitzarmena zen bat, eta Hiri Antolamendurako Plan Orokorrerako (HAPO) diagnostiko partehartzailea egitea bestea. Kreditu aldaketa bidez dirua bideratu gura zuten ekimenetarako, eta alkateak esan zuen berak daukala eskumena horretarako. Beraz, ez dute aurrera egingo. Oposizioak esan du ahalegin handia egin dutela merkatarien beharrak gobernu taldeari azaltzeko, baita hitzarmen baten arrazoiak ere. "Baina EAJk ohiko harrokeriagaz erantzun du. Itsutu egiten dira eta ez dute onartu gura oposizioak lideratu duela Durangorentzat hain garrantzitsua den gai hau". Euren ustez, ekimena bultzatu dutelako eroan zuen EAJk gai bera martitzeneko plenora. "Gure helburua arduratsu jokatzea zen, EAJk ez bezala, eta ahalbidetu egin genuen hitzarmenak aurrera egitea".

 

Bestalde, HAPO berrikusi behar dute Durangon, legeak eskatzen duelako. Oposizioak diagnostiko partehartzaile bat egin gura du lehenengo, herritarren iritzia kontuan hartuta. "EAJri beldurra sartzen zaio ideia horrekin. Ezin die herritarrei hitza eman Durango eraikitzeko. Uste dute Durango Batzokiaren hedapen hutsa dela".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!