Durangoko bizilagun bi etxea galtzear

Anboto 2012ko aza. 30a, 10:45
Durangoko kaltetu bi Sendia elkartearen bidez bankuekin irtenbideren bat negoziatzen dabiltza

Durangoko kaltetu bi Sendia elkartearen bidez bankuekin irtenbideren bat negoziatzen dabiltza.

 

Etxe kaleratze bakoitzaren atzean drama pertsonal bat dago, eta Durangaldea ez dago errealitate sozial horretatik kanpo. Carmen Morales eta Jerry Oken euren etxeak galtzeko arriskuan daude. Durangoko San Fausto auzoan bizi dira, eta bakoitzak bere etxea galdu dezake. Sendia elkarteko kideak dira biak. Elkarte horretan aholkularitzaz gainera, euren egoera bizi duten beste lagun batzuen berotasuna sentitu dute. Sendiako kideek diotenez, “talde lana eta mobilizazioa oso garrantzitsuak dira hainbeste familiak bizi dugun egoera ikusezintasunetik atera eta gure aldarrikapenak kaleratzeko”.

 

Amaia Egañaren kasuak agerian utzi du familia askoren larritasuna. Kutxabankek etxe kaleratze traumatikorik ez zuela egingo azaldu zuen berehala. Rosa de la Fuente Sendia elkarteko arduradunak dioenez, adierazpen hori zein beste banku batzuena berba hutsetan geratu ez dadin, elkarteko kideen epaiketetara joaten dira neurria betearazteko: “Informazio nahasgarria bolo-bolo dabil eta jendeak ez daki zer egin”. Aste honetan bertan, familia baten etxe kaleratzea atzeratzea lortu dute Burlatan (Nafarroa).

 

Datu kezkagarriak

Datuak esanguratsuak dira. Euskal Autonomia Erkidegoan zortzi etxe kaleratze egiten dituzte egunean. Krisia hasi zenetik EAEn 8.000 familia etxe barik geratu dira. Espainiar estatuan berriz, 2008tik hona 400.000 etxe kaleratze egin dituzte.

 \"\"

 

Etxe kaleratzeen kontrako elkarteek aholkularitza eskatzea gomendatzen diete kaleratu guztiei. Etxe kaleratzeen kasuen %70  babes juridikorik gabe gertatzen dira, hau da, kaltetuen erdiak baino gehiagok ez du auzitegietara jotzen kasua galdutzat ematen dutelako, eta ez dute inolako aholkularitza juridikorik eskatzen. Gainera, etxe kaleratze mota ugari daude, baina azken datuen arabera, %60 alokairuan bizi diren pertsonenak dira.  

 

Carmen Morales eta Jerry Okem Durangoko San Fausto auzoan bizi dira, eta euren etxeak galtzeko zorian daude. Eurokin solasean aritu gara bizi duten esperientzia latza ezagutzeko

 

 

\"\"“Sendia elkartean lan itzela egiten dabiltza
 gu lako kasuei laguntzeko”

 

Senarrarengadik banatuta eta gutxitasun psikikoa duen alaba batekin, Carmenek ezin dio bankuko kredituari aurre egin

 

Zein egoeratan zaudete?

Gutxitasun psikikoa duen Elena alabagaz bizi naiz etxean. Momentu honetan bankuarekin negoziatzen gabiltza kreditua zelan ordaindu dezakedan erabakitzeko. 800 euro hilean ordaintzen ibili naiz etxea konpontzeko eskatu nituen lehengo 25 milioi pezeta ordaintzeko. Nire izekoren etxea heredatu egin nuen, baina oso egoera txarrean zegoen eta konpondu egin behar izan nuen.

 

Kreditua nortzuk eskatu zenuten?

Senar ohiaren eta nire izenean dago. Banatu egin ginen, eta orain ez dit laguntza pasatzen eta ez du kredituaren bere zatia ordaintzen berak ere zailtasun ekonomikoak dituelako.

 

Bankuak zeozer proposatu dizue?

Bai, bost urtean hileko kuota jaistea eta ondoren kreditua etxebizitzarekin ordaintzea. Hau da bost urtean ordaindu eta gero, etxebizizta barik gelditzea proposatzen ziguten. Guk beste bide batzuk daudela uste dugu, eta negoziatzen gabiltza. Sendia elkartean kasuagaz ez bagenbiltza, batek daki bost urte barru etxea entregatzeko tratua onartuko genuen.

 

Zuek zein irtenbide ikusten duzue?

Etxea alokairuan jartzea eta diru horrekin kreditua ordaintzea. Baina, lehenengo senar ohiagaz adostu behar dugu eta gero bankuagaz. Lana topatu gurako neuke pertsona nagusiak zaintzen edo etxeak garbitzen, baina ez dut ezer aurkitzen.

 

Bankuagaz zein hartu-eman duzue?

Kreditua La Caixan daukagu eta behin eta berriro deitzen digute. Atosigatu egiten gaituzte, baina guk esaten diegu negoziatu gura badute Sendiara deitzeko.

 

Zelan jarri zarete hartu-emanean Sendia elkartegaz?

Durangoko gizarte zerbitzuek esan ziguten irtenbderen bat topatzeko elkarteagaz bat egin eta aholkularitza bilatzeko. Talde honetan aurrera egiteko indarra topatu dugu. Guri asko lagundu digute eta ez aholkularitzan bakarrik. Lan itzela egiten dabiltza gu lako egoeran dagoen jenteari laguntzeko.

 

Non elkartzen zarete?

Barikuetan Bilbon batzen gara. Hasieran hogeitabost familia elkartzen ginen eta orain berrogeitamar baino gehiago joaten gara batzarretara. Taldean handitzen eta handitzen doa.

 

Zelan bizi duzue egoera?

Egoera gaitza bizitzen ari gara. Nire alabak daroa txarren, duen gaixotasunagaz ardura handitu egiten zaiolako. Ni ere txarto pasatzen ari naiz, nigatik eta baita beragatik ere. Ea irtenbidea bilatzen dugun laister.

 


 

\"\"

“Lan barik gelditu nintzen eta orain ezin diot kredituari aurre egin  ”

 

Nigeriatik bizitza hobeago bat topatzera etorri zen Jerry Okem. Orain etxea galtzeko zorian, ezin du bere familia hona ekarri

 

Zure etxe kaleratzeak data jarrita du.

Bai, azaroaren amaierarako jarri dute data. Idatzi bat aurkeztuko dugu kalean gelditu ez nadin. Kaleratzearen suspentsioa tartekatzea da asmoa. Abenduaren amaierara arteko epea eskatu dugu arazoa konpontzeko

 

Lana galtzean hasi ziren zure arazoak.

Bai, 13 urte daroaz lanean. Lehenengo Palma de Mallorcan egin nuen lan eta ondoren Abadiñoko enpresa batean. Lan barik gelditu nintzen eta orain ezin diot kredituari aurre egin. 2004an eskatu nuen 35 urterako kreditua. Orain subsidioa kobratzen ari naiz.

 

Non duzu kreditua?

Banko Santanderren. Dagoeneko adjudikatu du nire etxea, hau da, dagoeneko etxea berea da.

 

Kasua eramateko laguntzarik jaso duzu?

Durangaldeko Amankomunazgoko Gizarte Laguntzailearengana joan nintzenerako pisuaren subasta martxan zegoen. Bertan esan zidaten Sendia elkarteagaz bat egin eta aholkularitza eskatzeko.

 

Zelan jarri zinen beraiekin hartu-emanean?

Azaroaren 9an joan nintzen Bilbora lehenenengoz batzar batera, Amaia Egañak bere buruaz beste egin zuen egunean. Nahasmen handia zegoen, baina batzarra egin genuen eta nire paper guztiak eman nizkien. Goizeko 03:00ak arte egon ginen.

 

Emaztea eta seme-alaba bi dituzu Nigerian.

Emaztea eta seme-alabak nirekin Durangora etortzeko asmoa genuen, baina orain egoera honetan ez da posible. Ezin diet hara laguntzarik bidali. Emaztearen aita dabil haiei laguntzen. Nire herrian dirurik ez baduzu gosea pasatzen duzu. Haiek ere txarto pasatzen ari dira hemen gertatzen ari den honekin guztiarekin.

 

Lana topatzeko ez da sasoirik onena.

Lana topatuaz gero, kreditua ordaintzeko aukera izango nuke. Ez dut lanerako beldurrik. Edozertan jardungo nuke. Sukaldeko eta tabernako lagutzaile aritu naiz, Palma de Mallorcan. IIndustrian ere jardun dut. Hala ere, momentu honetan ez dago lana topatzerik

 

Arazo honek zein irtenbide izan dezake?

Pisuko logela bi alokatzea pentsatu dut irabazi dezakedan diru horrekin kreditua ordaintzeko. Hala ere, bide horretatik joan gura izanez gero ere, denbora behar dut arazoa konpontzeko.

 

Zelan bizi duzu egoera?

Horrela ez dago etorkizunik. Saminduta nago egoera honekin.

 


"74 familia bota dituzte beraien etxeetatik Durangalde inguruan"

 

Stop Desahucios elkarteko talde bat sortu gura dute Durangon

 

Bere izena publiko egin gura ez duen Durangoko beste kaltetu bat Stop Desahucios elkartekoa da. Durangon taldea sortu gura du, baina jendeak bere egoera ezagutzera emateko beldurra duela  azaldu du. Hala ere, esan duenez jakin badaki Durangaldean kaltetu asko daudela: “Gure inguruko herrietan 74 familia bota dituzte beraien etxeetatik”.

 

Kaltetu honi langabezian geratu eta dirua amaitu zaio. Hainbat urte enpresa berean lanean ibili eta gero, kale gorrian geratu zen. Lana topatu ezinik etsita, Aitziber  Irigoras alkatearengana eta oposizioko alderdi politikoengana jo du. “Niregatik ezin duela ezer egin esan dit alkateak. Curriculuma eman dut udal bulegoan, baina ezer ez. Lan bat baino ez dut gura. Berdin zait zertan”.

 

Familia osoa oso txarto pasatzen ari dela dio durangar honek . Etxea salgai ipini dute, baina ez ei dago saltzeko modurik: “Hipoteka ordaintzeko beste diru ematen didanari etxea saltzeko prest egon arren, ez da inor etortzen etxea ikustera ere. Orain inork ez du etxerik erosi gura”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!