Udalak onartutako mozioak etxegabetze bat zailduko du gaur

Anboto 2012ko aza. 28a, 10:12
Udalak etxegabetzeak geldiarazteko mozioa onartu zuen atzoko batzarrean. Kaleratzeak gelditzeko exijitu du, eta agintzen dituzten banketxeetatik dirua aterako du udalak, besteak beste. Neurriek zaildu egingo dituzte prozedura horiek, eta gaur izango da lehenengo proba. Durangar batek negoziazioa dauka banketxeagaz

Udalak etxegabetzeak geldiarazteko mozioa onartu zuen atzoko batzarrean. Kaleratzeak gelditzeko exijitu du, eta agintzen dituzten banketxeetatik dirua aterako du udalak, besteak beste. Neurriek zaildu egingo dituzte prozedura horiek, eta gaur izango da lehenengo proba. Durangar batek negoziazioa dauka banketxeagaz.

 

Etxegabetzeak gelditzeko mozioa Bildu, PSE-EE eta Aralarrek aurkeztu zuten atzo, eta EAJk ere babestu zuen. PP bakarrik agertu zen kontra. Etxegabetzeak aurrera eroaten dituzten finantza erakundeetatik fondoak erretiratzeko konpromisoa hartu du Durangoko udalbatzak. Prozedura horiek gelditzeko eskatu die banketxeei, eta batez ere Kutxabanki, udalagaz daukan loturagatik. Jabetzakoez gainera, alokairuan dauden ohiko etxebizitzen kasuan ere hala egiteko eskatu du. Udalak finantza erakundeekin dauzkan hartu-emanak errebisatuko ditu, etxegabetzeekin daukaten jarreraren arabera.

 

Onartutako mozioak Kutxabankegaz -eta ahal bada beste batzuegaz ere bai- hitzarmen bat sinatuko dela dio. Horrela, banketxeek dauzkaten etxe hutsak alokairu sozialean emateko programa batean sartuko lirateke.

 

Udalak etxea galtzeko arriskua daukaten herritarrak informatuko ditu, baita babestu ere. Ez du etxegabetzeetan lagunduko, eta horretarako prest ez dauden beharginak babestuko ditu. Gainera, banketxe bakoitzaren jarrera publiko egitea ere onartu dute.

 

Udalak hipoteken araudia aldatzea eskatu du, eta Eusko Jaurlaritzari Hipoteka bitartekaritza zerbitzua hobetzen jarraitzeko ere bai. Bestalde, etxegabetzeen aurka dauden eragile sozialekin elkarlana martxan jartzea ere onartu du udalak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!