Tentsio handiko eztabaida izan dute gobernu taldeak eta oposizioak

Anboto 2012ko aza. 27a, 13:15
Bildu, PSE-EE eta Aralarrek eskatuta deitu zen ez ohiko udalbatzarra, eta eurek ekarritako gai bi onartzea zuten helburu. Oposizioak, gai horiek batera aurkeztu eta onartuz, gobernatzeko gaitasuna erakutsi zezakeen

Bildu, PSE-EE eta Aralarrek eskatuta deitu zen ez ohiko udalbatzarra, eta eurek ekarritako gai bi onartzea zuten helburu. Oposizioak, gai horiek batera aurkeztu eta onartuz, gobernatzeko gaitasuna erakutsi zezakeen.

 

Tentsio handiko batzarra izan zen atzo udaletxean eginikoa. Bildu, PSE-EE eta Aralarrek eskatuta deitu zen ez ohiko udalbatzarra, eta eurek ekarritako gai bi onartzea zuten helburu. Bata, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) egiteko diagnostiko partehartzaile bat egitea, eta bestea, merkatarien elkarteekin hitzarmena sinatzea.

 

Kreditu aldaketa bidez diru partida bat bi gai horietara bideratzea onartu zuten gehiengoz Bilduk, PSE-EEk eta Aralarrek, eta EAJ eta PPk kontra egin zuten -11, 10en kontra-. Baina, ez dirudi garatuko direnik. Gaiak eztabaidatu aurretik, Aitziber Irigoras alkateak idazkariak egindako txosten bat plazaratu zuen. Idazkariaren arabera, alkateak dauka azken eskumena kreditu aldaketa horiek aurrera atera ala ez erabakitzeko. Beraz, erabakiak baliobakoak izango ei lirateke. Goiztidi Diazek (EAJ) adierazi zuen alkateak zilegitasun osoa daukala bere eskumenak babesteko. Horri erantzun zion Arrate Elkorok (Bildu): "Alkateak zilegitasunez egingo ditu gauzak, baina herriaren gehiengoaren kontra; Hitlerrek ere zilegitasuna bazeukan". Alkateak, haserre, konparaketa hori ez ziola onartuko esan zion. Tenperatura nabarmen igo zen batzarrean.

 

Gobernu taldea eta oposizioaren arteko disputa agerikoa izan zen. Oposizioak, gai horiek batera aurkeztu eta onartuz, gobernatzeko gaitasuna erakutsi zezakeen. Pilar Riosen (PSE-EE) ustez, oposizioak ere tresnak behar ditu, eta idazkariaren ebazpenagaz ez daudela ados esan zuen. Dani Maeztuk (Aralar), beste ikuspegi bategaz gobernatzea eskatu zion Irigorasi: "Soilik EAJren ordezkaria da". Botoetan hiru alderdiek kopuru handiagoa daukatela gogoratu zion Maeztuk Irigorasi: "6.824 durangarren ordezkariek esandakoa ez duzue errespetatuko; 4.649k esandakoa bai".

 

Diaz jeltzaleak azaldu zuen ez zuela ulertzen gai biak lantzeko ez ohiko batzar bat deitzea, jakinda baliobakoa zela. Horrek, oposizioak dietak kobratzeko asmoa zeukala pentsatzera eroan ei zuen Diaz. Bozeroaleen txanda saltatuz, Maeztuk haserre egin zion aurre: "Lotsa gutxi behar da".

 

Tentsioa ez zen hor amaitu. Batzarra amaitzean ere eztabaida beroan jarraitu zuten Irigorasek eta Bilduko Urdaspal Alberdik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!