"Maitasun erromantikoaren ideia gainditu beharko genuke"

Anboto 2012ko aza. 27a, 08:29
Itziar Ziga idazle feministak berbaldia eskainiko du, gaur, Pinondo Etxean 19:30ean. Durangoko Andraguneak gonbidatu du idazle errenteriarra, Emakumearen Aurkako Biolentziaren Kontrako Nazioarteko Egunaren haritik

Itziar Ziga idazle feministak berbaldia eskainiko du, gaur, Pinondo Etxean 19:30ean. Durangoko Andraguneak gonbidatu du idazle errenteriarra, Emakumearen Aurkako Biolentziaren Kontrako Nazioarteko Egunaren haritik.

 

Bikote harreman heterosexualetan botere harremanak egon izan dira belaunaldiz belaunaldi.  Jendartean guztiz errotuta dauden jarrera batzuri buruz berba egingo du Itziar Zigak, datorren martitzenean Pinondon eskainiko duen hitzaldian. Maitasun erromantikoaz, gizon eta emakumeen rolei buruz eta indarkeria matxistaren aurrean feminismoak eskaintzen dituen irtenbideez hitz egingo du.

 

Maitasuna eta haren indarkeriak...  Menpekotasunen gainean berba egingo duzu?

Maitasun erromantikoaren ideia gainditzeko premia handia daukagu. Bikote heterosexualaren markoan, maitasun erromantikoa itxaroteko hezi gaituzte emakumeak, eta benetan bizi denetik hurrun dago hori. Beti daukagu bera aldatuko den itxaropena, maitasunaren boterean sinisten dugu, eta pentsatzen dugu gure maitasunak lortuko duela harremanak aurrera egitea. Horrelakorik barik, arinago ikusiko genituzke indarkeria eta mespretxuak, eta egoera horietatik irtetea errazagoa izango litzateke. 

 

Barneratuta dauden jarrerak al dira?

Indarkeria matxista guztiz estrukturala da. Egia da edozein emakumek edo gizonek hartu dezakeela bere harremanean abusuzko jarrera, baina oso desberdina da jendarteak babesten bazaitu, eta hori gizonei pasatzen zaie bakarrik. Etxean ikusi ditugun harremanetan, inguruan, zineman, telebistan... Idealizatuta dago emakumeen sumisioa. Rol pasiboa izaten dute harremanean, bestearen zaintzara begirakoa. Gizonek rol aktiboa jasotzen dute euren erreferentzietatik, erabakiak hartzekoa eta zainduak izatekoa. Hori bera, gureganako biolentzia da. Ez digute uzten guk gura dugun kartekin jolasten, erabaki gura duguna egiteko aktibo izaten.

 

Zer pauso eman behar dira jarrera horiek aldatzeko?

Feminismoa da giltza, zalantza barik. Jarrera aldaketarako kontzientzia hartu behar dugu, emakume eta gizonek. Feminismoa emakumeok garatu dugu, baina beti hartzen ditugu pozik borroka honetara gehitzen diren gizonak. Sistema zalantzan jartzeko premia dago, eta indarkeriaren kontrako legeak eta beste neurri batzuk  ez dute hori egiten; adabakiak ipintzen dituzte. Birplanteatu egin behar dugu maitemintzen garen modua, idealizatu diren bikote motak...

 

Zelakoak izan behar dira harreman osasuntsuak?

Bi pertsonak egoera onean egon behar dira, benetan gura dutena eta behar dutena negoziatzeko moduan. Harremaneko erabakiak bi pertsonen araberakoak izan behar dira, ez batek esaten duenaren ingurukoak. Emakumeak eta gizonak inozoak gara. Inork ez du gura harreman batean gutxietsia sentitzea; beste gauza bat da, jendarte egitura batek horrelako gauzak bultzatzea.  Adibidez, niretzako, izugarria da zure bikotekideari harreman sexual kopuru bat eman behar diozula pentsatzea, harekin konplitu beharra edukitzea. Gure amei askotan entzun izan diegu hori esaten. Benetan desiatu barik, gizartean oso onartuta dago bikotekideari orgasmo kopuru bat eskaini behar diogula pentsatzea. Hori ezin da nahitaezkoa izan.

 

Jende askok pentsat dezake gaur egun aukera berdintasuna dagoela, eta horiek kontuok aspaldikoak direla.

Sistemak mugimendu feministak lortutako aldaketak bere egiten ditu, eta aurrerapen txiki bat egon dela ematen duenean, dena aldatu dela esaten du. Indarkeria matxistaren aurrean, adibidez, feministek egindako lanari esker, neurri batzuk hartu dituzte, eta jada ez dela zertan borrokatu esaten dute; lortu dela jendarte parekide bat. Analisi kritiko bat eginez gero, leku guztietan ikusten dituzu diskriminazio egoerak. Estatistikei begiratuta, argi ikusten da emakumeok gizonek baino gutxiago kobratzen dugula oraindik ere. Sistema hobetzen dabilela-eta, lasaitzeko esaten digute, ez jarraitzeko borrokan. Baina beno, ez dugu kasurik egin, eta borrokan jarraituko dugu beti.

 

Itxaropentsu?

Badago tximino espezie bat liluratu egiten nauena. Geneetan gizakien oso antzerakoak dira. Tximino hauek gatazkak enpatiagaz eta sexuagaz konpontzen dituzte, oso dibertigarria da. Lehenago, baina,  ez ziren horrelakoak; arrek emeak menpean hartzen zituzten. Arboletan gora ibiltzeaz gainera, tximino hauek lurrean ere ibiltzen dira. Horri esker, ar batek eme bat erasotu nahi zuen bakoitzean, emeak defendatzen hasi ziren, biribilean ipinita. Orain ez dago horrelako indarkeriarik euren artean. Arlo horretan, gu baino aurreratuago daude. Itxaropentsua iruditzen zait elkartu eta defendatzen garenean gizarteko joerak eta paradigma bera ere aldatu daitekeela pentsatzea. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!