"Krisiagaz, Abiadura Handiko Trenak geroago eta zentzu gutxiago dauka"

Anboto 2012ko aza. 24a, 08:36
Garraio azpiegituretan aditua da Roberto Bermejo ekonomialaria. Abiadura Handiko Trenaren egitasmoa hurretik jarraitu du. Bere txostenetan, trena errentagarria ez dela eta bestelako alternatibak behar direla defendatu du. Krisian azpiegitura handi honek duen egoerari buruz berbaldia eman du Durangon

Garraio azpiegituretan aditua da Roberto Bermejo ekonomialaria. Abiadura Handiko Trenaren egitasmoa hurretik jarraitu du. Bere txostenetan, trena errentagarria ez dela eta bestelako alternatibak behar direla defendatu du. Krisian azpiegitura handi honek duen egoerari buruz berbaldia eman du Durangon.

 

Urteak daroatzazu Abiadura Handiko Trena bideragarria ez dela esaten.

Astakeria itzela da. Jatorrizko bekatu bat dauka. 1990eko hamarkadan, Europako Batasuna bazebilen Europa kohesionatzeko ideiari bueltak ematen, eta 1994rako, hamalau proiektu atera zituen, gehienak abiadura handiko lineen ingurukoak. Bruselak babesa ematen du, baina abiadura handiaren oso definizio  lightagaz. Abiadura handia 200 km/orduko mugan ezarri zuen, eta abiadura hori lor daiteke, teknologia aldatzeko beharrik barik. Tuneletan trena ezin daiteke 130 km/ordutik pasatu, eta oker ez banago,  AHTaren bidearen %40 tuneletatik doa; nik munduko metro handiena deitzen diot.

 

Obrak hasi dira, eta krisia etorri da.

Orain, inork ez dauka dirurik eta gutxiago Espainiako Gobernuak. Abiadura Handia mantentzen da, baina ez da ia inbertitzen. Euskal Herrian Madrilek ordaintzen ditu obrak, baina Eusko  Jaurlaritzak Gipuzkoako zatia aurreratzea erabaki zuen. Madrilgo Gobernua ordainketak atzeratzen dabil, kupoaren kalkuluagaz ados ez daudela diote... Orain bertan, Eusko Jaurlaritza dabil obra ordaintzen. Aurtengo aurrekontuan ia 400 milioi euro bideratu ditu, eta guztia gastatzen dabil.   Kontua da, azkenean guk ordainduko dugula. Azpiegitura guztietan gertatzen da, gainera, aurreikusitakoa baino gastu handiagoak egoten direla. Ekonomia sailburuari behin esan nion 400 milioi horiek bertan inbertitzeko beste leku batetik kendu dutela, eta hark; “gero Madrilek ordainduko du” erantzun zidan. Hor gaude, eta bitartean hezkuntzatik, osasunetik eta gizarte arlotik  murrizketak egiten. Euskadiko konexioaren istorio guztia berritsukeria politikoa da. Gu deskonexionatzen eta erasotzen dabiltza. Ni jada ez naiz Mugarrara joaten, ez dudalako dauden lubakietatik pasatu gura. Behin Orozketarantz joan nintzen, eta buelta egin nuen... Maite izan duzun paisaia guztiz hondatuta ikustea izugarria da.

 

Zure ustez, ordaindu eta amaitu ahal izango ote da AHT?

Arazo nagusia da, Europak abiadura handiko lineak gura dituela. Absurdua da, esan dudan guztiaz gainera,  halakorik ez duela gura esan duelako Frantziak.  Ez zaio interesatzen. 2020ra arte atzeratuko dutela esan dute, eta hori politika arloan benetako data barik atzeratzea da. Frantziari merkantziak interesatzen zaizkio, eta arlo horretan errepide berriak egiteko inbertsioak egin ditu. Behin AHT Lion eta Paris artean eginda, eta Londres eta Brusela lotuta... Bidaiariei begira, populazio handiko lekuetatik ibilbide laburrak bai, baina bestela ez zaio AHT interesatzen. 

 

Trenak trafikoa kenduko zuela zioten, baina errepideak eraikitzen jarraitu dute.

Bai, eta ez dute errentagarritasunik lortzen. Supersurrean, Artxandako tuneletan...  Horixe gertatu da. Askotan pentsatu izan dut badela horrelako harreman sinbiotiko bat komunikabide, enpresario eta botere zentroen artean. Artxandako tunelak inauguratu zirenean, El Correok zazpi orri eskaini zizkion, bigarrenetik bederatzigarrenera; “La obra del siglo”. Orain porrot ekonomikoa da, eta gu gabiltza ordaintzen, enpresak hondoa jo duelako. Horiek dira hemen egiten diren obrak. Jose Luis Bilbaok behin egunkari batean esan zuenez, Supersurra guk, gure seme-alabek eta bilobetako batzuk ordaindu beharko dute. Munduko beste edozein lekutan ergeltzat hartu eta  dimititzeko eskatuko zioten.

 

Egoera ekonomikoa dela eta, gobernuek orain arte baino gehiago pentsatuko dute errentagarritasunean?

Eusko Jaurlaritzak agindutako ikerketetan AHTak lanpostu asko sortuko dituela eta miragarria dela jaso zuten. Edozerk sortu ditzake lanpostuak; Keynes ekonomialariak esaten zuen, zuloak egin eta tapatzen bazabiltza ere lortzen dituzula lanpostuak. AHT egin ahal zen inbertsio txarrena da. Trenbidean inbertsio puntualak egin eta sistema osoaren akatsak konpontzea bai, hori beharrezkoa, baina horrelako obra... Jasoko diren onuren artean debora aurreztea dagoela diote, baina denbora kontuak eta bidaiari kopurua puztu egin dituzte. Hiriburutik hiriburura joan-etorri guztien %2 baino gutxiago izaten da, eta hortik gehienak ikasleak dira. Ikasleek ez dute AHT ordainduko, eta ez die behar duten zerbitzua emango. Autobusek unibertsitatetik hiriburura eroan eta geltokiak izaten dituzte auzoka. Zer egingo du jendeak? Leioatik bajatu RENFEra, handik Gasteizko kanpoaldera joan, eta autobusa hartu hiri barrura?

 

Zure ustez, epe labur-ertainera, AHTaren lanetan geldialdi bat egongo da?

Argi daukadana da, Madrilek geratu egingo dutela. Gelditzen dabil dagoeneko. Baina EAJk esan du lehentasuna duela. Oparoaldi garaian obra hauek egitea faraonikoa zen. Orain, inkesta guztien arabera, herritarren intereseko gaietan murrizketak egiten dabiltzan momentuan? Krisiagaz AHTk geroago eta zentzu gutxiago dauka. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!