Etxebakoentzako egoitza zabalduko du Caritasek

Anboto 2012ko aza. 22a, 12:55
Intxaurrondoko Jesusen Mirabeen etxean zabalduko dute hamar urterako

Intxaurrondoko Jesusen Mirabeen etxean zabalduko dute hamar urterako.

 

Caritas Tabira elkarteak etxebakoentzako egoitza zabalduko du Durangon. Intxaurrondon Jesusen Mirabeen kongregazioak daukan etxean egingo dute proiektua. Izan ere, bertan egon diren mojek etxea uzteko erabakia hartu dute, eta kongregazioak Caritasi utziko dio hamar urtean erabiltzeko. Jose Agustin Maiz Andra Mariko parrokoak azaldu du Caritasen ideia: eguneko zentroa, gaueko egoitza eta etxe tutelatu edo autonomoak ipini gura dituzte.  Maizek esan du 2013ko udaberrirako zabaltzea gura dutela, baina oraindik ez dagoela data argi.

 

Eguneko zentroan, arropa garbitu, bazkaldu, internet erabili, ikastaroak jaso eta antzeko ekintzak egin ahal izango dituzte etxebakoek. Gaua pasatzeko egoitzan dozena bat gela prestatuko dituztela esan du Maizek. Pisu tutelatu edo autonomoak egokitzea hirugarren pausoa izango ei da. “Laguntza publikoak lortu gura ditugu aurrera ateratzeko”. Badira ia urte bi Caritas Tabira egoitzaren egitasmoa lantzen hasi zela. Etxepel legez bataiatu dute. Andra Mariko parrokiak dauzkan lokaletan ipini gura zuten hasieran, Maizek azaldu duenez: “Horretan genbiltzala agertu zitzaigun beste eskaintza hau, eta zoragarria izan da”.

 

Horrez gainera, Caritasek beste proiektu bitan dihardu: bigarren eskuko arroparena eta lana bilatzeko laguntza ematekoa. Aurten  ,ume behartsuei laguntzekoa ere ipini gura dute martxan.

 

Mojei eskerrak

Joan zen domekan omenaldia egin zieten Jesusen Mirabeei. Ia moja gehienek beste leku batzuetarako bidea hartu dute jadanik; lau bat bakarrik geratzen ei dira. Maizek azaldu du 90 urtean egon direla Durangon, gaixoak zaintzen eta gaubelak egiten, besteak beste. “Jendeak maite zituen”. Eskerrak eman dizkie Maizek Jesusen Mirabeei.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!