Salaketa faltsua jartzeagatik emakume bat inputatu dute

Anboto 2012ko aza. 20a, 12:53
Asegurua kobratzeko salaketa faltsua jartzea leporatuta Durangoko emakume bat inputatu du Ertzaintzak. Jabetzan duen dendan lapurreta egin zutenaren itxurak egin zituen aseguru-etxearen indemnizazioa kobratzeko. Hala ere, Ertzaintzak abiatutako ikerketek zalantzan jarri zuten salaketaren egiazkotasuna, emakumea egia esatera behartuz

Asegurua kobratzeko salaketa faltsua jartzea leporatuta Durangoko emakume bat inputatu du Ertzaintzak. Jabetzan duen dendan lapurreta egin zutenaren itxurak egin zituen aseguru-etxearen indemnizazioa kobratzeko. Hala ere, Ertzaintzak abiatutako ikerketek zalantzan jarri zuten salaketaren egiazkotasuna, emakumea egia esatera behartuz.

 

Joan zen azaroaren 13an, jabetzan duen arropa dendan zegoela lapurretan egin ziotela salatu zuen emakumeak. Txanodu gizonezko bat dendan sartu eta, indarkeriz eta mehatxuka, bildutako diru-kopurua eta bere boltsa lapurtu zizkiola salatu zuen emakumeak. Ihes egiterakoan, dendan zegoen ordenagailu pertsonal bat kolpatu eta lurrera bota zuela ere zehaztu zuen salaketan, eta kalte larriak eragin zizkiola. Lapurreta salatu eta ustezko lapurraren deskribapena ere egin zuen emakumeak.

 

Ertzaintzak lapurra identifikatzeko ikerketa abiatu zuenean emakumearen bertsioa zalantzan jarri zuten. Zenbait kontraesan atzeman zituzten eta argitu ez dituzten bestelako zirkunstantziek  susmoa eragin zien. Hainbat bider deitu zuten emakumea ertzain-etxera, baina, hainbat aitzaki jarri ondoren ez zen bertaratu. Azkenean, salatutako gertaerak faltsuak zirela aitortu zuen emakumeak joan zen barikuan.

 

Joan zen azaroaren 5ean ere beste emakume bi inputatu zituen Ertzaintzak Durangon, delituaren itxurak egiteagatik eta horretara eragiteagatik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!