Urki-Hegoalde eta Montorreta kalearen egoera salatu du PSE-EEk

Anboto 2012ko aza. 19a, 12:20
Urki-Hegoalde kanpo-eraztuna geldituta dagoela salatu dute eta Montorreta kalean trafikoak moztuta jarraitzen duela: kale hori itxita egoteko aurreikusi zen denbora bost bidertu egin dela nabarmendu du PSE-EEk. Diotenez, \"jeltzaleentzat arazoak euren kabuz konpondu behar dira\", eta herri lanen kudeaketan epeak ez betetzea \"norma\" bihurtu da

Urki-Hegoalde kanpo-eraztuna geldituta dagoela salatu dute eta Montorreta kalean trafikoak moztuta jarraitzen duela: kale hori itxita egoteko aurreikusi zen denbora bost bidertu egin dela nabarmendu du PSE-EEk. Diotenez, "jeltzaleentzat arazoak euren kabuz konpondu behar dira", eta herri lanen kudeaketan epeak ez betetzea "norma" bihurtu da.

 

Urki-Hegoalde errepidearen zortzigarren zati bat baino ez dela gauzatu gogoratu du Pilar Rios bozeroale sozialistak ohar baten bitartez: bere osotasunean hartzen dituen 500 metroetatik 40 baino ez dira egin, "hala ere, aurreikusi diren 4,4 milioi euroetatik milioi bat gastatu da dagoeneko". Gaineratu duenez, "herritarrak behin eta berriro kexatu arren, udal arduradunen utzikeriak obren indargabetzea dakar, bizkortzeko inolako itxurarik gabe". Lanak amaitzeko urtebete inguru falta denean, "apenas gauzatu da obraren %10, eta Larrasoloeta eta Juan Itziarko auzokideek obren eragozpenak sufritzen" jarraitzen dute PSE-EEk nabarmendu dutenez. Elorrio, Arrasate edo Abadiñora joateko Durango zeharkatzea ekidituko du Urki-Hegoalde errepideak.

 

Montorreta kalea otsailaren 6tik dago itxita Faustegoienako hirigintza lanen eraginez. "Hilabete pare bat iraun behar zuten lanok 10 hilabete diraue eta ez dira amaitu", dio Riosek. EAJren Gobernu Taldearen jarraipen ezari egotzi dio hori sozialistak: "EAJk bere estiloari eutsi eta arazoak bakarrik konpontzen direla edo beste norbaitek konpontzen dizkiela uste du". Montorreta Durangotik irtetzeko bakarrik dago zabalik, beraz Durangora sartzeko "tapoia" da oraindik eta puntako orduetan arazo larria bihurtuz".

 

Riosek dio EAJk ezin duela ahaztu herritar guztien interesak zaintzea dela bere lana: "Montorretako kasuan, eraikitzaileei bide publikoa azkar urbanizatzea exijitu behar diete. Urki-Hegoalde errepidearen kasuan, obra eraginkortasunez eta azkar gauzatu beharko lukete".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!