"Kooperazio arloan ikerketa zelako garrantzitsua den ikusi dut"

Anboto 2012ko aza. 16a, 08:25

Denbora tarte txikian uholdeek birritan birrindu dute Pakistango Talis herria. Araitz Bizkarra topografoa birritan izan da bertan, zortzimilako mendien magalean. Felix Baltistan fundazioaren bidez izan du horretarako aukera. Ekainean joan zen bertara azkenekoz, eta bertako arriskuak detektatzeko ikerketa batean parte hartzen dabil orain. Iurretako liburutegiak antolatutako Munduko Paisaiak egitarauaren barruan eman du Talisko proiektuen berri

Denbora tarte txikian uholdeek birritan birrindu dute Pakistango Talis herria. Araitz Bizkarra topografoa birritan izan da bertan, zortzimilako mendien magalean. Felix Baltistan fundazioaren bidez izan du horretarako aukera.  Ekainean joan zen bertara azkenekoz, eta bertako arriskuak detektatzeko ikerketa batean parte hartzen dabil orain. Iurretako liburutegiak antolatutako Munduko Paisaiak egitarauaren barruan eman du Talisko proiektuen berri.

 

Zelan hasi zen zure boluntario lana Talisen?

2010eko udan Pakistan osoa kaltetu zuten euriteek, montzoi fenomenoagatik. Felix Baltistan fundazioak lan egiten duen bailaran Talis herria oso kaltetuta gelditu zen, eta larrialdi proiektua martxan jarri zen, herria berreraikitzeko. Berrogei etxebizitza inguru apurtu ziren. Topogrofoa behar zuten, eta ni heldu nintzen. Gero, 2011n, uholdeak egon ziren berriro  Talisen. Herriaren goialdean hiru glaziar daude, eta oso egun onak egoten direnean urtu egiten dira. Lurra oso birrinduta dagoenez, urak herri osoa aurrean eroan zuen iaz. EHUko kooperazio bulegora diru-laguntza eskatu eta analisi hidrogeologiko bat egiten hasi ginen.

 

Glaziarra dela-eta, arrisku handia daukate herrian, orduan?

Iazkoa beste noiz edo noiz gertatuko zen, baina herrian inork ez du ezagutu horrelako hondamendirik. Ikerkuntza hasi zen zergatik gertatu zen aztertzeko, eta herriko leku seguruak zeintzuk diren ikusteko. Dauzkagun datuen arabera beroagaz glaziarra urtu, eta laku bat sortu zen. Lakuak gainezka egin zuen eta ur kantitate handi bat etorri zen errekan behera.

 

Iurretako berbaldian ingeneritza humanoa eta generoari buruz berba egin duzu.

Bai, giza ingeniaritza ingeniaritza beste helburu batzuekin egitea da. Hemen egiten diren lanak eraikuntzara eta sortzera zuzenduta daude, eta esango nuke helburuak beti direla ekonomikoak. Giza ingeniaritzan beste batzuk dira helburuak.

 

Herritarrekin hartu-emon zuzena izan duzue...

Bai, datuen bilketa egiterakoan eurengandik ere jaso dugu informazioa, zelan edo halan beti egon behar da inplikazio bat. Gu proiektu honekin hasi ginen herritarrek eskatu zutelako. Bailara guztian bilerak egin ditugu. 2011n, etxebizitzen gaian, etxeak berreraikitzeaz gainera  herria berrantolatu behar zen apur bat, eta orduan emakumeekin eta gizonekin batzarrak egin genituen, bananduta. Galdeketa bat egin genien eurek ikusten zituzten premien berri izateko. Aurten gauza bera egin dugu, baina arriskuekin lotuta. Zortzimilakoen magalean daude herri horiek, eurek sortu dituzte herriak ahal izan duten lekuan, eta arrisku piloa daude. Galdetu diegu ea antzeko zer edo zer pasatu den lehenago, ea non pentsatzen duten arriskuak egon direla...

 

Prozesu horietan zelakoa izan da emakumeen papera?

Hasieran bilerak emakumeekin eta gizonezkoekin batera egitea pentsatu genuen, baina hobeto pentsatu eta bananduta egitea erabaki genuen. Oso zaila da emakumeak eta gizonezkoak areto berean elkartzea. Emakumeen papera han, lan eta lan egitea eta umeak edukitzea da, gauzak erabakitzeko orduan ez daukate ahotsik. Proiektuan beti hartu dugu kontuan emakumea. Egia esan, areto batean elkartu eta gizonezkorik ez dagoenean, hasieran kostatu arren, gauza ugari esaten zituzten gero, beti oso zuhur. Esango nuke emakumezkoen bilerak emankorragoak izan direla gizonezkoenak baino. Gizonak gehiago arduratzen ziren euren landa zatiaz, euren propietateak zaintzeaz... eta emakumeek askoz ere informazioa gehiago ematen zuten. Lur antolamenduaren inguruko galderetan, adibidez, gizonek eskuratu ezin  ziren gauzak eskatzen zituzten, eta emakumezkoek gauza praktikoak: ospitale bat, medikua bertan egotea, arropak garbitzeko leku bat, emakumeak elkartzeko leku bat ere bai... Umeekin lotutako gauzak, higienea, osasuna... Gauza horiek gehiago hartzen zituzten kontuan.

 

Zer puntutan dago proiektua?

Ikerketa proiektua garatzen gabiltza, eta aurrera doa. Ziurrenik berriro eskatuko dugu diru-laguntza; bailara guztiko herrietan arrisku mapa egin gura genuke. Dokumentu bat sortu gura dugu, zer edo zer eraikitzera doazenean eurek edukitzeko, arrisku gutxien zer ingurutan dagoen ikusteko. Hango unibertsitateagaz hartu-emona hasi dugu, eurekin koordinatu eta handik edo hemendik proiektuari jarraipena egiteko. Hasieran hondamendiaren ostean etxeak eraikitzera joan ginen, eta ondo, baina kooperazioan ikerketa zer garrantzitsua den ikusi dut. Badakigu errekak berriro gainezka egin dezakeela baina ez dakigu noiz eta zergatik izango den. Arriskuak detektatzea garrantzitsua da aurretiaz zer edo zer egin daitekeen ikusteko. Adibidez, errekan gora joaten diren artzainek, laku bat eratu dela ikusiz gero, herrira abisatzeko modua eduki beharko lukete... 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!