Bilduk, PSE-EEk eta Aralarrek bat eginda bi proiektu eramango dituzte plenora

Anboto 2012ko aza. 10a, 12:52
Merkataritzaren eta Plan Orokorraren inguruko egitasmoak hurrengo osoko bilkuran eztabaidatuko direla diote. Oposizioko alderdiek bi puntuak aurrera ateratzearen aldeko botoa emango dutela aurreratu dute

Merkataritzaren eta Plan Orokorraren inguruko egitasmoak hurrengo osoko bilkuran eztabaidatuko direla diote. Oposizioko alderdiek bi puntuak aurrera ateratzearen aldeko botoa emango dutela aurreratu dute.

 


Bildu, PSE eta Aralarrek prentsa oharrean jakitera eman dutenez, alderdi hauetako  zinegotzien sinadurak batu dituzte Durangoko udalean bi eskaera aurkezteko. Eskaera horien bitartez alkateak osoko bilkura deitu beharko du, ahalik eta azkarren oposizioko hiru alderdiek diotenez. Bi eskaerak hurrengo osoko bilkurako gai ordenean sartuko dira. Hiru alderdiek aurreratu dutenez beraien botoak emango dituzte bi puntuak onartuak izan daitezen.



Lehenengo proposamenak Durango Bai merkatarien elkartearekin hitzarmena sinatzearen beharrizana jasotzen du. Oposizioko alderdiek diotenez, "Udaletxe hau geldituta dago arlo honetan eta udaletxeko hiru talde politikook EAJren gobernu taldea bultzatuko dugu hitzarmen hori sinatzera. Beti iritzi izan diogu beharrezkoak direla tankera honetako ekimenak zerbitzu herria den Durango batentzat; eta are gehiago gaur egun bizi dugun egoeran". 2011 urtetik udaletxeak "geldituta" dauka merkatarien elkarteekin hitzarmenak egiteko diru lerroa prentsara bidalitako oharrean diotenez. Diru hori urtean zehar merkatari txikien arloa dinamizatzeko bideratuko litzateke.



Bigarren proposamena Durangoko Hiri Antolaketa Plan Orokorraren ingurukoa da. Hiru indar politikoen arabera, behar beharrezkoa da herritarren parte hartzea bermatuko duen azterketa egitea: "Uste dugu beharrezkoa dela Durangoko herritarren iritzia kontuan izatea, jakite aldera zer nolako herria gura duten hurrengo urteei begira. Gai garrantzitsuak daude jokoan: mugikortasuna, etxebizitza, oinarrizko zerbitzuak, kirol eta kultura azpiegiturak, etab.". EAJren jarrera kontrakoa dela diote: "Plan hori parte hartzerik gabe egin gura du, ikuspuntu administratiboa bakarrik kontuan izanda. Horregatik ezinbestekoa ikusi dugu gai hori ere lantzeko osoko bilkura eskatzea".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!