"Kooperatibena formula ona da beste mota bateko enpresei buelta emateko"

Anboto 2012ko aza. 10a, 08:44
Ia mila kooperatiba batzen ditu Konfekoop konfederazioak. Krisi egoera honetan Nazioarteko Kooperatiben Urtea ospatzen jardun dute. Jardunaldi, mintegi eta hainbat ekitaldiren artean Durangon Kooperatiben Jaia antolatu dute domeka honetarako. Javier Goienetxea konfederazioko presidenteak kooperatiben egungo egoera baloratu du.

Ia mila kooperatiba batzen ditu Konfekoop konfederazioak. Krisi egoera honetan Nazioarteko Kooperatiben Urtea ospatzen jardun dute. Jardunaldi, mintegi eta hainbat ekitaldiren artean Durangon Kooperatiben Jaia antolatu dute domeka honetarako. Javier Goienetxea konfederazioko presidenteak kooperatiben egungo egoera baloratu du.

 

Zenbat kooperatibek osatzen dute konfederazioa?

Orain bertan 900 baino gehiagok. 2012an ehun kooperatiba berri baino gehiago  batuko dira, eta gure errekorra gaindituko dugu.

 

Aurten nazioarteko kooperatiben urtea dela-eta hainbat mintegi eta topaketa antolatu dituzue. Zer landu da bertan?

Gai ezberdin mordo bat, ez bakarrik Euskal Herrian, mundu osoan baizik. Kongresuak izan dira, erakusketak... Gure inguruan, batzuk aipatzearren, TESS Gizarte Ekonomiaren jardunaldia egin genuen Donostian, Gizarte Ekonomiaren Ikerlarien XIV. Jardunaldi Nazionalak Donostian bertan eta Oñatin, Kooperatiben 90. Nazioarteko Eguna ere ospatu genuen, eta orain festa erraldoia daukagu begi-bistan, Durangon.
Sektore oso desberdinetako kooperatibak daude; kontsumoa, nekazaritza, kreditu kooperatibak, irakaskuntza... 

 

Sektoretako zein dago indartsuen?

Krisi egoera denean sumatzen dugu, kontsumo arloan gehienbat. Kreditu eremuan Ipar Kutxa eta Lan Kide Aurrezkia entitate bakarra bihurtu dira, eta indartsu daude etorriko diren erronkei aurre egiteko. Irakaskuntzari dagokionez, mehatxu handiena, beharbada, Madriletik datorren lege berria da, eta nekazaritza mundua aspaldi dabil estu-estuan aurrera egiten, baina hau aspaldiko kontua da.

 

Sektore horietan guztietan igarri dute gaur egungo krisi ekonomikoa. Zelan bizi dute kooperatibek krisia?

Abantaila handia daukagu kooperatibok; gai gara gure barne erabakiak hartzeko. Ez dugu itxaron behar baten bat kanpotik zer egin esaten etorri arte. Erabaki asko hartu dira, kasuan kasu, bakoitzaren hileko irabazia egokitzeko, lan orduak banatzeko... Gure kasuan pertsonak diru etekinen gainetik daude, eta nahiz eta salmentak murriztu, orduak eta lanpostuak mantentzen saiatzen gara.

 

Euskal Herriko egitasmoak nazioartean erreferente izan direla aipatu da sarritan...

Pauline Green-i, Nazioarteko Kooperatiben Erakundeko presidenteari entzun diot munduan hiru erreferente erabiltzen kooperatiben inguruan: Txinako nekazaritza arlokoak, Herbereetako bankuena, eta Mondragon Korporazioa. Berezitasun bat daukagu gainera; hemen kooperatiba asko industria sektorekoak dira eta lan bazkideak dituzte.

 

Sortzen ari diren enpresa berrietan kooperatibako formula hartzeko joera dago?

Eustaten datuak hartzen baditugu, kooperatibak gara gaur egun enpresa kopuruan eta enpleguan hazten ari garen enpresa eredu bakarra. Bilbon Elkar-Lan daukagu, eta bertan kooperatibak sortzen laguntzen dute. Bi pertsona eta proiektu baten ideia edukiz gero, bertara jotzea da onena, prest daudelako behar den laguntza emateko. Gainera, kooperatibena formula ona da  beste mota bateko enpresei buelta eman eta lanean jarraitzeko.

 

Globalizazioa dela eta, enpresen nazioartekotzean kooperatiben esentzia mantentzen al da?

Bi arlo desberdinduko nituzke. Bata jabetzarena da, eta arlo horretan asko daukagu oraindik aurreratzeko eta egiteko. Bestea, funtsezko izaerari dagokio. Gure izaera eta parte-hartzea zabaldu nahi diegu langile guztiei, erabakiak era demokratikoan hartzeko filosofia hori. Gauza bat bai ikasi dugu, zenbat eta nazioarteko ekoizpen handiagoa eduki , orduan eta lanpostu gehiago sortzen dira hemen bertan, nahiz eta hasieran pixka bat harrigarria iruditu.

 

Zeintzuk dira, zure ustez, kooperatibismoaren erronka nagusiak momentu honetan?

Gure lan ereduak beste sektore batzuetara zabaldu gura ditugu, lanpostuak sortu –kooperatiboak, ahal bada–  eta gizarteari gure ezaugarriak eta egitasmoak azaldu gura dizkiogu. Enpresen lehiakortasuna eta hazkunde ekonomikoa bermatu beharko ditugu, eta lege berriak egiterakoan, erronka azpimarragarria da gure errealitatea kontuan hartzea.

 

Hutsunea igarri duzue lege berriak egiterakoan?

Bai, adibidez asko borrokatu dugu onartzeko langile berriak bazkide izatea errelebo kontratuan, lehenago kontratatua izatea bakarrik onartzen zen. Gainera,  momentuz ez daukagu ordezkaririk Lanbiden, enplegu eta hezkuntza gaiez  gauza asko esateko daukagun arren.

 

Zer mezu transmititu gura izango zenuke domekako Kooperatiben Jaian?

Egun polita egiten saiatuko gara, ondo pasatzeko aukera ederra edukiko dugu. Gure proiektua kolektiboa da eta zenbat eta lagun gehiago batu, orduan eta gehiago izango gara. Denok elkarrekin gogoratzeko egun polit bat pasatuko dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!