Kobika jatetxea, Espainiako pintxo txapelketan

Anboto 2012ko aza. 9a, 09:27
Kortabitarte anaiek ezin izan dute garaikurrik ekarri, baina pozik daude esperientziagaz

Kortabitarte anaiek ezin izan dute garaikurrik ekarri, baina pozik daude esperientziagaz.

 

Beti ezin da irabazi. Durangoko Kobika jatetxekoak ohituta daude sariak jasotzera, baina Espainiako txapelketatik ezin izan dute garaikurrik ekarri. Hori bai, Iñigo eta Koldo Kortabitarte anaiak pozik daude esperientziagaz. Horrelako ekimenek ikasteko ere balio dutela adierazi du Iñigo Kortabitartek: “Norbera birziklatzeko eta azken joeretan egoteko baliagarriak dira; esaten dudan moduan, loak ez hartzeko”. Hirugarren urtez parte hartu dute lehiaketa horretan.

 

Valladoliden jokatu da txapelketa asteon, astelehenetik eguaztenera. Estatu osoko 66 jatetxek parte hartu dute, eta maila altua egon dela dio Iñigok:  “Estatuko barra onenak egon dira”. Durangarrek Puerrolarium pintxoa eroan dute bertara. “Gure ideia porrusaldaren errezeta berreskuratzea zen”. Porrusalda eta odolostea, eta tripakiak bizkaitar erara batzen ditu euren pintxoak. Tradizioa daroa, baina diseinu modernoan aurkeztuta. “Proposamena asko gustatu zitzaien epaileei, baina ezin izan da saririk lortu”.

 

Bizkaian, bigarren

Espainian baino zorte hobea izan dute etxetik gertu. Azken asteetan txapelketaz txapelketa ibili dira Kobikakoak. Euskadikoan ere finalista izan ziren, eta Bizkaikoan bigarren postuan geratu ziren. Bakailaoaren nahaski bat egin zuten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!