Gure San Fausto Berria elkarteko presidentea eta presidenteordea dira, hurrenez hurren, Gorka Perez eta Juan Jose Diez. Biak langabezian, auzoaren egoeraren erakusle. Udalak bultzatutako azterketa ondo dagoela diote, baina lehenengo oinarrizko beharrizanei aurre egiteko eskatu dute. San Faustoko auzo bizitza indartsua dela uste dute, baina egoeragatik bizilagunak ilusioa galduta daudela.
Zelan joan zen udaleko ordezkariekin batzarra?
Gorka Perez: 30 eta 40 lagun artean joan ginen, komunitateetako presidenteak eta informatu gura zuen jendea batuta.
Juan Jesus Diez: Jendea ez zen oso prest agertu proiekturako. Proiektua bera ondo ikusten zuten, baina ez aurrekontu bat egotea azterketa baterako, auzoan oinarrizko beharrizanak daudenean eta betetzen ez direnean. Beharrizan horiek urte askoan aldarrikatzen egon gara auzotarrak.
Azterketaren ostean, finantzaketa etorriko litzateke...
J.J.D.: Jendeak honako ardura hau dauka: teilatuak konponduko ditugu, igogailuak ipini, fatxadak konpondu... Nork finantzatuko du hori guztia? Maila ekonomikoan, beharginen auzoa da hau, eta gauzak dauden moduan daude. Kostu horiek ordaintzea gastu handia da familientzat. Ez da prest egotea bakarrik; jende bat ez dago hori ordaintzeko egoeran.
G. P.: Ihobekoek esan zuten berogailua isiotzean, beroak ihes egiten duela hormetatik, eta fatxada konponduta hori saihestuko litzatekeela. Hogei euro gehiago ordaintzea ala ez; baina hogei euro horiek ezin baditugu ordaindu, zelan sartuko gara 15.000 edo 20.000 euroko inbertsio batean? Bestela, azterketa ondo dago, eta batzuk prest agertu dira euren etxeetako argiaren eta gasaren kontsumoa neurtzeko.
Proiektuan, esaterako, berogailu sistema zentrala planteatzen da.
J.J.D.: Eraiki bako lursaila balitz, agian bai, baina hemen, pertsonalki, apur bat utopikoa iruditzen zait hori. Kea saltzen dabiltzala dirudi. Etxeetan ere pisu bat gehiago eraiki ahal dela diote, saldu eta obrak finantzatzeko. Baina, badaude pisuak ezin direnak saldu.
Zeintzuk dira zuen kexak auzoaren egoera dela-eta?
G.P.: Kaleak garbitzera martitzenetan eta eguenetan etortzen dira bakarrik. Hori neguan bada, beno. Baina udan umeak kalean daude egunero. Arratoiak daude, etxeetan hezetasunak, espaloiak hobetu behar dira, nagusiek arazoak dauzkate eskailerekin... Irisgarritasuna oso txarra da. Badakigu dena batera ezin dela egin, baina behintzat, egin dezatela urtez urte gauzaren bat.
Lehen obra batzuk egin ziren.
J.J.D.: Ziarrustaren agintaldian, hilero-hilero gauza bat egiten hasi ziren, baina gero hor geratu zen. Bestalde, udalak utzitako materialagaz konponketak egitera ohituta egon da hemengo jendea. Horiek zahartu egin dira, eta belaunaldi berriak ez dio ohiturari jarraitu. Baina, zergatik moztu behar dut arbola bat nik, Ezkurdin enpresa batek egiten duenean? Zergatik, zerga berdinak ordaintzen baditut eta eskubide berberak badauzkat?
Zer sentsazio dauka jendeak?
J.J.D.: Jendea ilusioa galduta dago. Begira zentro zibikoa ere, 2004an hasi eta amaituta beharko luke. 2013an gaude, eta egin duten gauza bakarra eskola zaharrak botatzea da. Ondo etorri da aparkatzeko lekua dagoelako, baina ez dago aurrerapenik. Zein den arazoa? Benetan, ez dakigu.