Abenduan emango dituzte Errotaritxuenako babesekoak

Anboto 2012ko aza. 8a, 08:27
Errotaritxuena auzoan udalak sustatutako babeseko etxeak amaitu ditu Sukia enpresak

Errotaritxuena auzoan udalak sustatutako babeseko etxeak amaitu ditu Sukia enpresak.

 

Eginda eta prest. Errotaritxuena auzoan udalak sustatutako babeseko etxeak amaitu ditu Sukia enpresak, eta prentsari begirako ibilaldi gidatua egin zuten eguaztenean. Jabeek abenduan sartu ahalko dute bertan bizitzen, baina aurretik eurek ere ikusi ahalko dute bakoitzaren etxea, Sukiako arduradunek azaldu dutenez. Azaroaren 19ko astean egingo dituzte bisitak etxerik etxe. Erabilgarri eta garbi daude etxe, trasteleku eta garajeak. 58 etxe dira guztira, eta bakoitzak bere trastelekua eta garajeko plaza edukiko du. Tratslekuek espazio zabala daukate: 13,5 metro karratukoak dira. Auzoa ere urbanizatuta dago.

 

Epea baino lehen

Sukiako arduradunek adierazi dute hasieran esperotako epea baino lehenago egongo direla prest etxeak. “Esandakoa bete dugu”. 58 etxeetatik seik oraindik ez daukate jaberik, egoera ekonomikoa dela-eta batzuek uko egin behar izan diotelako. Baina, atzetik 300 laguneko zerrenda dago eta laster etxe horiek ere adjudikatuko dituztela esan dute. 56 etxe bi logelatakoak dira, eta gainerako biak bakarrekoak. Etxe bat gurpildun aulkian dabiltzanei begira diseinatu dute, eta horrek ere badauka dagoeneko jabea.

 

Lehenengo, 2010ean, merkatu libreko etxeak egin zituzten Errotaritxuenan. Orain babesekoak emango dituzte, eta 2013ko abenduan geratuko da auzoa amaituta, Banco Sabadellegaz batera egiten dabiltzan etxe libreak ematerakoan.

 

Lehenengo BOEak

Durangoko Udalaren ekimenez egindako lehenengo Babes Ofizialeko Etxeak (BOE) dira Errotaritxuenakoak. Aitziber Irigoras alkateak esan du bere egunean hartutako konpromisoa bete dutela horrela: “Egoera ekonomiko larria bizi badugu ere, udalak lanean jardungo du durangarrek etxebizitza eskuratzeko aukera izan dezaten”. Gogoratu du Faustegoienan ere babeseko 116 etxe eraikiko dituztela, eta azaldu du azaroaren 30a dela promozioan apuntatzeko azken eguna.

 

Errotaritxuenako babeseko etxeen behekaldean, lokaletan, 720 metro karratuko espazioa edukiko du udalak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!