Irizpide sozialak, arau fiskalen eztabaidaren erdigunean

Anboto 2012ko aza. 7a, 11:00
EAJ eta PSE-EEren botoekin onartu dituzte 2013rako zerga eta tasak. %2,5eko igoera ezarri dute. PSE-EEk dio bere ekarpenekin irizpide soziala kontuan hartzen dela. Bildu eta Aralarren ustez, EAJk ez du irizpide hori erabili, eta gehiago daukatenek gehiago ordaindu beharko luketela uste dute. PPk ez du igoera ulertzen, bere arabera udalaren egoera ekonomikoa jasangarria delako

EAJ eta PSE-EEren botoekin onartu dituzte 2013rako zerga eta tasak. %2,5eko igoera ezarri dute. PSE-EEk dio bere ekarpenekin irizpide soziala kontuan hartzen dela. Bildu eta Aralarren ustez, EAJk ez du irizpide hori erabili, eta gehiago daukatenek gehiago ordaindu beharko luketela uste dute. PPk ez du igoera ulertzen, bere arabera udalaren egoera ekonomikoa jasangarria delako.

 

Bilduk, Aralarrek eta PPk ez dituzte babestu 2013rako ordenantza fiskalak. Eztabaida handiena irizpide sozialen inguruan sortu da. Hau da, tasak eta zergak zehazterakoan herritarren egoera ekonomikoa kontuan hartzea. Bilduk eta Aralarrek uste dute progresiboa izan beharko litzakela; "gehiago daukanak gehiago ordaintzea, gutxien daukanaren mesedetan". Ez daude igoeraren kontra, baina zelan igo ei da gakoa. Gainera, EAJri adostasuna bilatzeko prestutasun eza leporatu diote; PPk ere kritika bera egin dio. PPk ez du zergak igotzeko beharrik ikusten. Bere posizioa argitzeko, udalak zor maila jasangarria -%28koa- eta milioi bat euroko saldo positiboa ere badaukala azaldu du.

 

EAJk Bildu eta Aralarri erantzun die, kritikatu bai baina gobernatzen duten lekuetan ez direla gai euren filosofia aurrera eroateko. Jeltzaleek gogoratu dute Atxondon Bilduk ordenantzak izoztu dituela, eta igerilekuena %2,4 igo duela. "Ez dakigu irizpide soziala den edo ez". PPri aurre egiteko, EAJk esan du harrigarria egiten zaiola popularren aldarrikapena, "ikusita Espainian zergak zelan giotzen diren irizpide sozialik barik".

 

PSE-EEren iritziz arautegi berriak badauka kutsu soziala. Sozialisten zazpi emendakin jasotzen ditu arautegiak, aurrez batzordean onartu zirelako. Langabetuek %60ko hobaria edukiko dute zaborren gaineko tasan. Tasa bera izoztu egingo dute komertzioentzat, eta papera eta kartoiaren bilketa zerbitzuan parte hartzen dutenei %50eko deskontua egingo diete. Bestalde, Eliza Katolikoak ez du salbuespenik edukiko Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (OHZ). Kulturako erabiltzen ez diren hainbat ondasun ere salbuespen horren baitan egon direla kritikatu du PSE-EEk. Adibide legez ipini du Hermanos Maristas de Durango-k hilero 7.334 euroko alokairua kobratzen diotela udalari bere lokal batean euskaltegia egoteagatik, baina OHZ ez dutela ordaintzen. Antzeko kasuak azkeneko hogei urteetan gertatu direla esan dute sozialistek.

 

Bilduk eta PPk kontra bozkatu dute, eta Aralar abstenitu egin da, PSE-EEren emendakinekin irizpide batzuk txertatu direla ulertuta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!