Eliza Katolikoak ez du salbuespenik edukiko OHZ zergan

Anboto 2012ko aza. 6a, 13:03
Gaur arratsaldeko udalbatzarrean landuko dituzte ordenantza fiskalak. PSE-EEk esan du berak aurkeztutako emendakin guztiak onartu direla, tartean, Eliza Katolikoari salbuespenak kentzea

 Gaur arratsaldeko udalbatzarrean landuko dituzte ordenantza fiskalak. PSE-EEk esan du berak aurkeztutako emendakin guztiak onartu direla, tartean, Eliza Katolikoari salbuespenak kentzea.

 

PSE-EE alderdiko udal taldeak prentsa oharra bidali du, gaur arratsaldeko udalbatzarrean onartuko ei diren arau fiskalen inguruko informazioa aurreratuz. Adierazi dutenez, eurek aurkeztutako emendakin guztiak onartu dira batzordean, eta gaur berretsiko ei dira. Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (OHZ) orain artean salbuespenak eduki ditu Eliza Katolikoak, eta horiek kentzea onartu dute. Kulturako erabiltzen ez diren ondasun batzuetan ere salbuespen horiek eduki dituztela kritikatu dute PSE-EEko kideek. Adibide legez ipini du Hermanos Maristas de Durango-k hilero 7.334 euroko alokairua kobratzen diotela udalari bere lokal batean euskaltegia egoteagatik, baina OHZ ez dutela ordaintzen. Antzeko kasuak azkeneko hogei urteetan gertatu direla esan dute sozialistek.

 

Bestalde, langabetuek %60ko hobaria edukiko dute zaborren gaineko tasan. Tasa bera izoztu egingo dute komertzioentzat, eta papera eta kartoiaren bilketa zerbitzuan parte hartzen dutenei %50eko deskontua egingo diete.

 

PSE-EEko Pilar Rios bozeramaileak esan du euren ekarpenekin ordenantza justuagoak osatuko direla, eta gehiago daukatenek gehiago ordainduko dutela. Baina, PP ez da iritzi berekoa. Alderdi popularreko Juan Jose Gastañazatorrek azaldu duenez, EAJk %2,5 igoko ditu udal tasak, eta ez du adostasunik bilatu PPgaz. Dioenez, udalak zor maila jasangarria dauka -%28koa- eta milioi bat euroko saldo positiboa ere bai. Horregatik, ez du zergak igotzeko beharrik ikusten. Kontrara, OHZ zerga familien errentaren arabera kobratzea proposatu du, besteak beste.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!