Emakumeek egindako ekarpena aztertuko dute gaur borrokalari antifaxisten omenezko Agurrik gabeak ekitaldian. San Agustin kulturgunean izango da ekitaldia 20:15ean.
Faxismoaren biktimak izan zirenak ezagutzeko, omentzeko eta aldarrikatzeko lanean dabil Durango 1936 kultur elkartea, eta bosgarren urtea da Agurrik gabeak ekitaldia antolatzen duena. Aurten, emakume antifaxistak hartuko dituzte gogoan. Benita Uribarrena Bollain durangarra izan zen borrokalari horietako bat, eta ekitaldian omenduko dute. Faxistek Durango bonbardatu ostean, Frantziara ebakuatu zuten ume zela. Handik hiru urtera ama eta ahizpekin elkartu eta Frantziako erresistentzian parte hartu zuen. Iaz hil zen, Frantzian. Bere alabak parte hartuko du ekitaldian.
Omenezko aurreskuagaz eta lore eskaintzagaz hasiko da ekitaldia San Agustin kulturgunean. Jarraian Maria Gonzalez Gorosarri elkarteko kideak berbaldia eskainiko du, Durangoko emakumeen aurkako errepresioaren inguruan. Kazetaria eta ikertzailea da Gonzalez, eta arlo hori dokumentatu du. No lloréis, lo que tenéis que hacer es no olvidarnos liburuan irakurri ahal da emaitza. Gonzalezek esan du horretaz berba egin ohi denean emakumeen konpromiso antifaxista tapatu egiten dela, subjektu pasibotzat hartzen direla. “Gizonak gorriak zirelako espetxeratu edo fusilatu zituztela esaten da”. Gonzalezek hori ezeztatu du: “Gerran eta atzeguardian ez ezik, faxismoaren aurkako nazioarteko erresistentzian parte hartu zuten [andrek]”. Berdintasunaren aldeko lanagatik, konpromiso bikoitza zeukatela dio.