Kurutziaga kalean lehenengoz egon dira txosnak eta batzordeak leku aproposa dela baieztatu du.
Txosna batzordeko kideek jaien osteko balorazioa egin zuten eguaztenean, prentsaurrekoan. Txosnaguneko jaien ereduak emaitza onak eman dituela-eta baikor agertu ziren. “Parte-hartzeak aurreikuspen guztiak gainditu ditu”.
Paella txapelketan 600 lagun batzea edota Gazte Egunean 400 gazte elkartzea ipini dituzte adibide. Kurutziaga kalean lehenengoz egon dira txosnak, eta leku aproposa dela baieztatu dute. “Alde zaharretik hurrean dago eta jendea ekitaldietara hurreratzea erraztu du”. Azaldu dutenez, auzokideekin berba egin dute zarata eta zikinkeria lako eraginak ahalik eta txikienak izaten saiatzeko. “Txosna batzordeak barkamena eskatu nahi dio gure jardunagatik trabak izan dituen herritar orori. Baita eskerrak eman ere laguntzen ibili diren guztiei”.
Lapurretengatik 45 salaketa
Udalak ere balantzea egin du prentsa ohar bidez. “Aurtengo jaiak normal xamar igaro dira, eguraldiak asko lagundu ez duen arren”. Su Ta Gar taldearen kontzertuko gaua izan zen jendetsuena: 2.100 lagun batu ziren. Gertaeren atalean, 45 salaketa egon dira lapurretengatik.