Herria elkartea, Uzartuz, Bateginez, M´Lomp... Durangoko elkarteak dira, eta guztiek lankidetza proiektuetan laguntzen dute Sahara, Peru, Guatemala eta Senegalen, besteak beste. Zero Pobrezia kanpainaren baitan proiektu horren berri ematen dabiltza San Agustinen atondu duten erakusketan. Eguaztenera arte egongo da kultur gunean ikusteko aukera.
Lankidetzak zelako osasuna dauka momentu honetan?
Raquel Calvo: Giroa nahiko ezkorra da. Finantziazio publikoa beheruntz doa, murrizketa handiak daude. Dena dela, esaten dute Euskal Herrian urte bi atzetik goazela eta datorren urtean ikusiko dela kolpea. Durangon, Gizarte Ekintza sailak aurten behinzat mantendu egin du diru laguntza. Donazio pribatuei dagokienez, azken bi-hiru urtetan ere nabaritu dugu. Hainbatek deitzen dute esanaz ezin dutela gehiago lagundu, bueltatuko direla lana berriro topatzean... Hori diru aldetik, baina parte-hartze aldetik eta jendearen gogo aldetik, ikusten da zeozer egiteko gogoa dagoela, geroago eta gehiago. Elkarteetatik lantzen gabiltzan filosofia da hau sistema globala dela: ez da lankidetzatik kendu behar beste leku batera eroateko, denetatik kentzen dabiltzalako gutxi batzuei emateko, bankuei eta oso-oso aberatsak direnei. Aberatsak geroago eta aberatsagoak dira; duela gutxi irten den datu baten arabera, krisian Espainiako aberatsenen fortuna % 50 igo da.
Orain dela gutxira arte pobreziaz berba egitean, beste herrialde batzuk hartzen ziren ahotan. Orain geroago eta gehiago berba egiten da bertoko pobreziaz.
R. C.: Sistema ekonomikoa berbera da, ezin ditugu bereiztu hemengo pobrezia eta hango pobrezia. Denok gaude sistema berean, eta arrazoi antzerakoengatik sortzen da pobrezia. Guk Txinan egiten den arropa erosten dugu, autoan Argentinan egindako biodiesela jartzen dugu... Hemengo pobreziaren kontra zeozer eginda egoera konpondu egingo dela ematen du, baina ez da egia. Hemengo enpresak joango dira beste leku batzuetara han langileak merkeagoak direlako... Sistema ekonomikoa globala da.
Bertoko egoeraz arduratuta herrialde pobretuetakoa ahazteko arriskua ikusten duzue?
R. C.: Ahaztu egin zaigu, baina guk herriak arrasatu egin ditugu. Afrika osoa, kontinente bat despoblatu genuen kolonizazio garaian. Karibeko azukreagaz lortu ziren Ingalaterrak industrializazioan pausuak emateko fondoak. Herrialde garatuetako aberastasunak herriak pobretzetik sortu ziren. Askotan produktu bakarra ustiatzea bultzatu zen herrialdeetan, gutxi batzuren aberastasunerako. Gure erakusketan hori ikusten da: Pochutan (Guatemala) kafeagaz gertatu da hori; Perun, Potosiko zilarragaz; Nikaraguan, azukre kaina eta fruituekin... Adibide horiek produktu historikoak dira; esklabutza moduak.
Hemengo desegonkortasun egoeran zelan sentsibilizatu gai horietan?
Amaia Moreno: Etorkinei botatzen zaie askotan errua; eurengatik ez dagoela hemen lanik, laguntzak kentzen dituztela... denetik entzuten da. Baina benetan euren errua da hemengo egoera? Ez. Gure artean elkar joka gabiltzan bitartean, politikoek dena maneiatzen jarraitzen dute. Futbola, xenofobia, zinea emango dizkigute, eta elkar joka jarraituko dugu. Esan digutelako kanpokoek dutela errua. Erosoa da errua botatzeko baten bat edukitzea.
Bego Madariaga: Datuak esku artean berba egingo bagenu konturatuko ginateke horrelako egoeran gugatik daudela neurri handian.
R. C.: Beldurra sartzen dabiltza, eta beldurrak blokeatu egiten du. Esan dezakezu: “Ez diezadaten gehiago kendu, ez naiz mugituko, ez naiz manifestatuko; herritar onak dira manifestatu barik etxean gelditzen direnak...”.
Erakusketaz gainera, zer ekitaldi prestatu dituzue?
A. M.: Eguaztenean, urriaren 31n, azken ekitaldia egingo dugu Andra Mariko elizpean. 18:00etan hasita, pobreziaren kontra egin daitezkeen ideiekin tailer bat egin eta gero testu bat irakurriko dugu eta kontzentraziotxo bat egin.
R.C.: Gaur, Fe y Justicia elkarteak Maristetan desazkundeari eta banku etikoari buruzko hitzaldia eskainiko du. M15 mugimenduak ere landu zuen pasa den astean banku etikoaren gaia hitzaldi batean.
Hainbat elkartek parte hartu duzue Zero Pobrezia kanpainan.
R.C.: Iñurri taldekoak daude, Geu Bekoak ere bai... Garrantzitsua da elkarlan hori. Zubiguneak partaidetza tailerrean hainbat elkartek jardun dugu eta hortik antolatu dira kanpaina hau eta Munduko Arrozak lako jaiak. Bagabiltza apurka-apurka lan taldeak sortzen. Aberasgarria da, ideiak hartu eta pilak kargatzeko. Beste batzuek zure antzeko ideiak dauzkatela ikusten duzu.