Birsalmentari atea itxi diote udalaren arautegi berriagaz

Anboto 2012ko urr. 25a, 13:33

Baserritarren zapatuetako merkatuan, norberak ekoitzitako produktuak bakarrik saldu ahalko dira

Baserritarren zapatuetako merkatuan, norberak ekoitzitako produktuak bakarrik saldu ahalko dira.

 

Datorren urtetik aurrera nekazal produktuen birsalmenta debekatuko dute zapatuetako baserritarren merkatuan. Horrela dio udalak behin betiko onartutako ordenantzak. Baserritik plazara ekimenean batutako hainbat nekazariren kexak eragin zuen udala arautegi berria idazten hastea.

 

Baserritarrek egiten zuten eskaera nagusietako bat birsaltzearen kontrakoa zen. Hau da, bertan saltzen dena norberak ekoitzitakoa izatea baldintza legez gura zuten. Arau berriaren arabera, birsalmentaren debekua kontrolatzeko, udalak eskubidea edukiko du informazioa jaso eta ustiategiak bisitatzeko.

 

Bestalde, merkatuak funtzionamendu egokia izan dezan, udalak eskala-planoa egingo du. Bertan zehaztuko du postu guztien banaketa. Antolaketa zehaztea ere bazen baserritarren eskaera indartsu bat. Goizeko 06:00etatik 08:00etara muntatuko dituzte postuak, eta salmenta tartea 08:30etik 13:30era izango da. Amaitzean, ordu erdi edukiko dute guztia jasotzeko. Posturako baimena bakarra eta pertsonala izango da.

 

Zuzendaritza sortuta

Merkatuko batzordea ere eratuko dute zuzendaritzaz kargutzeko. Udalaren, Urkiola Landa Garapenaren, +Dendak elkartearen eta saltzaileen ordezkariek osatuko dute. Produktuen merkaturatzea hobetzeko eta mesede egiteko jarduerak bultzatzea izango da arduretako bat. 

 


“Arautegian, aplikazioa da garrantzitsuena”

 

Ordenantzaren eskatzaileetako bat izan da Urdaspal Alberdi baserritarra. Dioenez, euren eskaera eta kexa inportanteenak jasotzen ditu: lekuarena eta birsaltzearena. “Gaur egungo utzikeriaren aurrean, aurrerapausu bat da”. Bere ustez, arautegia martxan jartzea ei da ahalik eta arinen egin behar dena. “Ikusiko dugu zelan aplikatzen den eta esaten diren gauzak betetzen diren”.   Salgaiak, norberaren produktuak izateaz gainera, sasoian sasoikoa izan beharko dutela azpimarratu du.

 

Alberdik ez du uste arautegia bere horretan nekazarien bultzatzaile denik: “Arautegia martxan jarri eta ganoraz egiten bada, plazara jendea hurreratzeko beste ekimen batzuk ere egin beharko dira”. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!