Durangoko elkarteen lankidetza proiektuak ikusgai San Agustinen

Anboto 2012ko urr. 24a, 08:18

Herria, Uzartuz, M´Lomp, Bateginez, Euskal Fondoa eta Peruko talde batek antolatu dute erakusketa, momentu honetan esku artean dauzkaten proiektuen berri emateko

Herria, Uzartuz, M´Lomp, Bateginez, Euskal Fondoa eta Peruko talde batek antolatu dute erakusketa, momentu honetan esku artean dauzkaten proiektuen berri emateko.

 

Goizean hainbat ikastetxetako eskola-umeeek bisitatu dute "Negu gorria, elkartasun garaia" izenburuagaz antolatutako erakusketa. Bertan, Perun, Senegalen, Saharan edo Guatemalan sortutako proiektuen berri eman dute Durangoko hainbat elkartek. Pobrezia 0 kanpainaren baitan dago erakusketa, eta urriaren 31ra arte egongo da zabalik.

 

Gaur egungo egoera ekonomikoan, lankidetza munduko elkarte txikiek finantzazio arazoak dauzkatela adierazi du Bateginez GKEko Raquel Calvok. Dena dela, jendartean "gauzak egiteko gogoa" dagoela sumatzen du. Erakusketaren antolatzaileek nabarmendu dute, hemen ere pobrezia kasuak bizi dauden honetan, "sistema bereko kide" direla hango eta hemengoak: "Ezin diegu datozenei errurik bota, eurek ez dute egoera hau sortu".

 

Pobrezia Zero, egitaraua

Nazioarteko Pobreziaren kontrako eguna dela eta hainbat ekintza antolatzeko batu dira erakusketako elkarteak eta beste zenbait talde. Datorren barikurako, urriak 26, banka etikoaren eta desazkundearen inguruan hitzaldi bat egongo da Maristetan. Urriaren 31n pobreziaren inguruko tailerrak izango dituzte Andra Mariko elizpean, 18:00etan; tailerren ondoren pobreziaren kontrako manifestu bat irakurriko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!