Emakume antifaxistak gogoan, 'Agurrik gabeak' ekitaldian

Anboto 2012ko urr. 22a, 08:29

Durango 1936 elkarteak eratutako omenaldia urriaren 26an izango da

Durango 1936 elkarteak eratutako omenaldia urriaren 26an izango da.

 

Emakumeek egindako ekarpena aztertuko dute aurten borrokalari antifaxisten omenezko Agurrik gabeak ekitaldian. Faxismoaren biktimak izan zirenak ezagutzeko, omentzeko eta aldarrikatzeko lanean dabil Durango 1936 kultur elkartea, eta bosgarren urtea da ekitaldia antolatzen duena. Urriaren 26an izango da San Agustin Kultur Gunean, 20:15etik aurrera.

 

Omenezko aurreskuagaz eta lore eskaintzagaz hasiko da ekitaldia. Jarraian Maria Gonzalez Gorosarri elkarteko kideak berbaldia eskainiko du, Durangoko emakumeen aurkako errepresioaren inguruan. Kazetaria eta ikertzailea da Gonzalez, eta arlo hori dokumentatu du. No lloréis, lo que tenéis que hacer es no olvidarnos liburuan irakurri ahal da emaitza. Aurtengo gaiaz galdetuta, Gonzalezek esan du horretaz berba egin ohi denean emakumeen konpromiso antifaxista tapatu egiten dela, subjektu pasibotzat hartzen direla. “Gizonak gorriak zirelako espetxeratu edo fusilatu zituztela esaten da”. Gonzalezek hori ezeztatu du: “Gerran eta atzeguardian ez ezik, faxismoaren aurkako nazioarteko erresistentzian parte hartu zuten [andrek]”. Berdintasunaren aldeko lanagatik, konpromiso bikoitza zeukatela dio.

 

Benita Uribarrena Bollain durangarra izan zen borrokalari horietako bat, eta ekitaldian omenduko dute. Faxistek Durango bonbardatu ostean, Frantziara ebakuatu zuten ume zela. Handik hiru urtera ama eta ahizpekin elkartu eta Frantziako erresistentzian parte hartu zuen. Iaz hil zen, Frantzian. Bere alabak parte hartuko du ekitaldian. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!