Anbulantziak artatutako gaztearen amak udalaren jarrera gogor kritikatu du

Anboto 2012ko urr. 15a, 21:21

Udalak Kurutziagan \"arratoi zuloa\" sortu duela azaldu du urriaren 12ko gauean anbulantziak artatu zuen gaztearen amak. Anbulantziak txosnagunea kokatuta dagoen kalera sartzeko arazoak izan zituela dio eta udaltzaingoak ez ziela lagundu. Udalak kaleratu duen prentsa oharreko hainbat datu gezurtatu ditu

Udalak Kurutziagan "arratoi zuloa" sortu duela azaldu du urriaren 12ko gauean anbulantziak artatu zuen gaztearen amak. Anbulantziak txosnagunea kokatuta dagoen kalera sartzeko arazoak izan zituela dio eta udaltzaingoak ez ziela lagundu. Udalak kaleratu duen prentsa oharreko hainbat datu gezurtatu ditu.

 

Oraindik estualdia gainetik kendu barik du anbulantziak urriaren 12ko gauean Kurutziaga kalean artatu zuten gaztearen familiak. Udalaren jarreragaz suminduta daudela diote. Haserre daude bai egun horretan Udaltzaingoak izandako jarreragaz baita gaur Durangoko Udalak gertaeraren inguruan kaleratutako prentsa oharrarengatik ere.

 

Gau horretan, Kurutziaga kaleko etxebizitza bateko gazte batek konortea galdu zuen. Gurasoek 112 zenbakira deitu zuten. Anbotora bidalitako gutun baten gaztearen amak,  Begoña Berrocalek adierazi duenez, Udaltzaingora ere deitu zuten: "Anbulantziari azaldu genion sarbidea zaila zela txosnak zeudelako eta Udaltzaingora ere deitu genuen sartzen laguntzeko". Gaztearen familiaren berbetan Zornotzatik zetorren Gurutze Gorriaren anbulantzia Astarloa kaletik sartzen saiatu zen, baina bidea zarratuta aurkitu zuen. Ondoren, Ertzain Etxearen aldetik sartzen saiatu ziren, baina eszenatokiak bidea oztopatzen ziela diote. Gurutze Gorriko kideak Ertzain Etxera sartu ziren kale horretara nondik sartu galdetzera eta Musiko Altuna kaletik kontrako norazkoan joateko erantzun zietela azaldu du amak. Gau hartan Durangora etorri zen Gurutze Gorriko kide batek familiaren bertsioa baieztatu du. Udalak kaleratu duen oharrean berriz, anbulantziak ez zuela sartzeko arazorik izan dio Aitziber Irigoras alkateak. Berrocalek azaldu duenez, "Gurutze Gorrira deitzea baino ez dago izan zituzten arazoak argitzeko".

 

Pintadak anbulantzian

Anbulantzia txosnagunera sartu zenean pertsona batzuk pintadak egin zituzten ibilgailuaren kanpoko aldean. Gaztearen amak gaineratu duenez, "anbulantzian pintadak egiten hasi zirenean anbulantziako gidariak haserretuta deitu zuen Udaltzaingora eta orduantxe etorri ziren laguntzera". Udalak bere idatzian gazte hauen pintadak baino ez dituela kritikatzen dio Berrocalek "anbulantziak kalera sartzeko izan zituen arazoen aurrean duen erantzukizuna bere gain ez hartzeko".

 

Gaztea artatzeko anbulantzia medikalizatua behar zutela iritzi zioten Gurutze Gorrikoek, baina Iurretako autobideko ordainlekuan elkartu ziren. Gaztea Gurutzetako ospitalera eraman zuten eta larritasunetik kanpo dago. Hala ere, bere amak alkateari galdetzen dio ea zer gertatuko litzatekeen gaixoak infarto bat balu. "Denborarik izango zuen ospitalera bizirik heltzeko?". Alkateari mezua bidaltzen dio Berrocalek: "Oraingoan zure prepotentziak eta itsutasunak Kurutziagako bizilagun baten heriotza sortu zezakeen. Pentsa ezazu".

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!