Natxo Martinez zinegotziak azaldu du oso pozik daudela jaietako lehenengo asteburuagaz.
"Euria egitea pena bat izan da". Horrela esan du Natxo Martinez zinegotziak. Edozelan ere, pozik agertu da lehenengo asteburuaren balantzea egiterakoan. Bere inpresioa eman du Martinezek, batzordean oraindik ez dute-eta baloraziorik egin. Euriaren ondorioz, ekintza batzuk Landako Gunera edota ikastetxe batzuetara lekuz aldatu behar izan dituzte. "San Fausto eguna kenduta, eguraldiak ez gaitu asko lagundu". Hain zuzen ere, egun horretan batu da jendetza handiena.
Bestela, ekitaldiak ondo joan dira Martinezen ustez. "Askotan, espero baino jende gehiago etorri da". Los Sabandeños musika taldeak 1.500 lagun inguru batu ditu.
\'Zezenak dira\'-n ez ei da egon gertakari larririk. Domekan Galdakaoko ospitalera eroan zuten lagun bat orkatila bihurritu zuelako. Korrika zihoala egin zuen lesioa. Martinezek esan du anekdota jazo zela: bigantxa batek errekara egin zuen salto. Ez ei zuen minik hartu eta hurrengo egunean ere atera zuten sokamuturrera. Dozena bat urte egin behar ei da atzera horrelako gertaera bat gogoratzeko.
Hurrengo asteburura begira itxaropentsu egin du berba Martinezek: "Ea hurrengoan eguraldiak laguntzen gaituen eta programako guztia behar den legez egin ahal dugun".