Kriskitin, Txoritxu Alai eta Tronperri dantza taldeen izenean botatako pregoian, jaietan dantzan egiteko eskatu die Izaskun Aliendek (Txoritxu Alai) udaletxe ondoko plazara gerturatu diren durangarrei.
Euripean irakurritako pregoia laburra izan da, eta euskara hutsean. Zuzenean galdera batekin ekin dio Txoritxu Alaiko kideak testua irakurtzeari: “Prest zaudete jaietan dantzan egiteko? Ba hori da gure aldetik eskatzen dizueguna. Lagunekin egon, barre egin beldur gabe, abestu lotsarik gabe eta dantza egin berandu arte”. Balkoian hiru dantza taldeetako ordezkariak kabitzen ez direla-eta, publikoan zeuden dantzariei Aliendek esan die gogoan dutela dantzak mantentzeko urte osoan zehar egiten duten lana.