Durangoko jaiak, txupinazo eta pregoiaren zain

Anboto 2012ko urr. 11a, 15:35

Dantza taldeek barikuan jaurtiko dute txupina udalean; Bilgune Feministak gaur txosnetan

Dantza taldeek barikuan jaurtiko dute txupina udalean; Bilgune Feministak gaur txosnetan. 

 

Dena prest dago Durangon  aste biko jai maratoia martxan ipintzeko. Txosnagunean hozkailuak edariz betetzen hasi dira. Sokamuturreko hesiak ere ipini dituzte Alde Zaharrean.

 

Aurtengo egitarauan ezohiko ordenan antolatu dituzte ekitaldi bi: sokamuturraren lehenengo ekitaldia bariku goizean izango da, eguerdian udaletxeko txupinazoak jaiei ofizialki hasiera eman aurretik, hain zuzen.

 

Txoritxu Alai, Tronperri eta Kriskitin dantza taldeek botako dute aurten txupinazoa eta pregoia irakurtzeaz ere arduratuko dira. Txosnetako txupinazoa, berriz, eguenean izango da Bilgune Feministaren eskutik. Domekan Inurri Eskaut taldekoek beste txupinazo bat jaurtiko dute, txupinazo txikia.

 

San Fausto Eguna zapatua izanda, durangarrek goizetik gauera jaietan parte hartzeko aukera dute: marmitako eta paella txapelketak, erreka jaitsiera eta kontzertuak egongo dira, besteak beste.

 

Guka gunea

Durangoko euskalgintzako hainbat eragilek (AEK, EHE, Ibaizabal ikastola eta Berbaro Taldea) Guka gunea sortu dute aurten txosnetan. Guka, euskaraz lehenengo pertsonan pluralean eslogana aldarri hartuta, euskaraz bizi direnen eta bizi gura dutenen elkargunea sortzea da antolatzaileen asmoa. Egitarau propioa ere osatu dute. Gukaren txandetan parte hartu gura duenak aukera dauka oraindino: berbarotaldea@gmail.com

 

TAO

Aipatu sanfaustoak direla-eta, trafikoa eta aparkamendua antolatzeko ordenantza arautzailea (TAO) ez dela aplikatuko urriaren 13an eta 20n. Horrela jakin eragin dute udal arduradunek.

 

 

 


“Ez gara fidatzen”

 

Txosnak Kurutziagan jarriko dituztela-eta auzokideak joan zen barikuan batzartu ziren udal ordezkariekin. Kurutziagako bizilagunek Anbotora bidalitako gutun batean euren haserrea adierazi zuten udalak ez zielako txosnagunearen kokapenaren inguruko informaziorik eman. Auzokideen berbetan batzar horretan aho zabalik gelditu ziren gobernu taldeko (EAJ) kideek txosnagunea Kurutziagan jarriko zela iazko irailetik sinatuta zegoela esan zietenean: “Erabaki hori udalak hartu zuen txosnekin, baina auzokideok ez daukagu zeresanik?”.

 

Euren kalean txosnak jartzen hasi direla ikusita, hainbat neurri adostu dituzte udalagaz. Badoa daukaten garajeen jabeei  Landako gunean aparkatzeko txartela emango diete. Ate eta leihoak egurrez babestea ere adostu zuten. “Zeozer pasatzen bada udaletxeak ardura hartuko duela esan ziguten”. Hala ere, auzokideak mesfidati agertu dira. “Konpromisoa ahozkoa denez, orain arte esan dizkiguten gezurrekin ez gara fidatzen. Beldurtuta gaude”.

Kurutziagako bizilagunak ez entzutea egotzi dio EAJri PSE-EEk.

 

 

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!