Diru-zorroa aurkitu zuenak egin beharrekoa baino ez duela egin adierazi du.
Durangoko Udalak jakinarazi duenez, urriaren 6an diru-zorro bat entregatu zuten Udaltzaingoaren bulegoan dokumentazioagaz eta 950 eurogaz. Kartera jabeari eman ondoren, honek diru-zorroa aurkitu zuena saritu nahi zuela adierazi zuen. Ekintza zibiko horren egileak, ordea, ez zuela saririk nahi esan zuen, berak egin beharrekoa baino ez zuela egin. Durangoko alkateak ekintza hori goraipatu du: “Ezagutzera ematekoa da oraindik ere badauela holako pertsona ondratuak gurean”.