Kurutziagako auzokideak: "Udalak ez digu ezer esan, eta haserre gaude"

Anboto 2012ko urr. 4a, 17:40

Kurutziaga kaleko auzotarrek kezka agertu dute jaietan txosnak etxe alboan ipiniko dizkietelako. Baina, kezkaz gainera haserrea ere badaukate.

Kurutziaga kaleko auzotarrek kezka agertu dute jaietan txosnak etxe alboan ipiniko dizkietelako. Baina, kezkaz gainera haserrea ere badaukate. "Udalak ez digu ezer esan, eta haserre gaude".

 

Ez dute inongo berri ofizialik eduki; bihar batzartuko dira udal ordezkariekin. Gainera, udala gezurretan ibili dela kritikatu dute. Antza denez, euren kaleko jaietan -irailaren 14an- udal ordezkari bat egon zen eta, zurrumurruaz galdetuta, udal ordezkariak erantzun zien ez zegoela ezer segurua. "Hori esan eta egun bira Anboton publikatu zenuten erabakia". Jaiak hasteko astebete bakarrik falta denean, udalak oharra zabaldu du, asteon kalea lanengatik itxi egingo dela esanez. "Orain diote kalea obragatik moztu dutela, baina gezurra da. Ez dute esan eszenatokia muntatzen dabiltzala". Informazio falta kritikatu dute. Edozelan ere, ez dute bat egiten kokapenagaz, ez dute txosnarik gura Kurutziagan.

 

Anboton publikatutako albistearen ostean, Txosna Batzordearen partetik ere jaso dute kokapenaren berri. "Eurek ere esan digute Kurutziaga leku txarra dela". Hainbat arrazoi plazaratu dituzte bizilagunek leku txarra dela esateko. Baldintza aldetik, "puntu beltzak" dauzkala diote. Ertzaintzaren komisaldegia alboan dagoela-eta, istiluak sortzeko arriskua dagoela diote. "Etxeetako tuneletan ere edozer gertatu ahal da". Gainera, bizilagun eta komertzio asko daudela gogoratu dute. "Kalteak ikaragarriak dira".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!