Txosna batzordeak azaldu duenez, lau karpa eta bost txosna ezarriko dituzte. Bilgune Feministak botako du gune horretako txupinazoa, urriaren 11n.
Txosnagunea Kurutziaga kalean egongo da aurten. Lehenengo bider hartuko dute leku hori eragileek euren txosnak ipintzeko, aurreko urteetan Pinondon, Zumar kalean eta Galtzaretan kokatu ostean. Txosna batzordeak azaldu duenez, lau karpa eta bost txosna ezarriko dituzte. Karpek ematen duten aterpea gogoratu dute herritarrak animatzean: “Eguraldi txarra eginez gero, kontuan izan 850 metro karratuko estalpea egongo dela.” Bilgune Feministak botako du gune horretako txupinazoa, urriaren 11n. Hortik aurrera, egunez eta gauez disfrutatzeko gonbitea egin dute: “Egitarau anitza eta oparoa egiten saiatu gara”.
Nobedade bati eman diote indarra txosna batzordekoek. Urriaren 12an, udaletxeko txupinazoaren ostean, burduntzian eginiko okela pintxoak banatuko dituzte Andra Marian.
Argiak, kamera, akzioa!
San Fausto Eguna izan ohi da tradizio handienekoa Durangon. Txosnetan ere paella txapelketa egingo dute, eta bertan parte hartzeko deialdia egin dute. Beste ekitaldi gastronomiko bat Gazte Eguneko bazkaria izango da. Urriaren 20an dute hitzordua. Iaz 450 gazte batu ziren eta aurten gehiago elkartzea espero dute.
Gazte Egunak Mozorro Egunagaz bat egingo du. Zinea aukeratu dute disfrazerako gai edo inspirazio iturri. Beraz, festazaleek egun batez euren gogoko aktoreen antza hartzeko aprobetxatu ahalko dute. Doakoa izango da txosnetako ‘pelikula’.