AEK-k, Euskal Herrian Euskarazek (EHE), Ibaizabal ikastolak eta Berbaro taldeak San Fausto jaietako txosnagunean egokituko duten Guka gunera hurreratzeko gonbidapena luzatu dute. Euskarazko ahalik eta hiztordu gehienak gozatzera dei egin dute, eta bereziki Gukan elkartzeko antolatutako dituzten ekitaldietan parte hartzera.
"Euskara darabilgunak, euskaraz bizi gura dugunak eta harremanak euskaraz egin gura ditugun pertsonak. Ez gara siglak, ez gara egiturak, ez gara estatistikak, pertsonak gara, Durangaldekoak eta Euskal Herrikoak". Horrela definitu dute euren burua Guka!-ren bultzatzaileek. Urteak daramatzate euskara herri-bizitzara ekarri guran, eta oraindik ere, euskaraz bizitzeko lekuak berreskuratzeko ahaleginean dihardue, eta orain, azaldu dutenez, San Faustoak dituzte buruan, "pertsonak, jaia eta bizipoza batzen diren lekuan" egon gura dutelako.
Horretara, Guka berba egin gura duten guztiei gonbidapena luzatu die sanfaustoetan txosnagunean egokitutako karpara hurreratzera. Guka-guka "elkarrekin lekua egiteko" proposamena ere luzatu dute: "berdin muntaketan edo txandetan parte hartuz, zein jaigiroan bisita eginez". Nabarmendu dutenez,jan-edana eta aurrez aurre euskaraz mintzatuko diren pertsonak egongo dira bertan: "Euskaraz, lehenengo pertsonan, pluralean mintzatuko gatzaizkizun pertsonak".
Sanfaustoetarako ekitaldi sorta ere antolatu dute AEK, EHE, Ibaizabal eta Berbaro taldeak. Gukan urriaren 13an prestatuko duten paella jatera gonbidatu dute; baita bertan egunerako antolatutako umeentzako jolasetan. Urriaren 20rako Kantulaguna ere antolatu dute, aurreratu dutenez.