EAEko Andaluziarren elkarteek eratu dute jaia. Landako Gunean batuko dira zapatuan eta domekan. Musika eta dantza ekitaldiak prestatu dituzte, esaterako.
Landako Gunea andaluziarren elkargune izango da datorren zapatuan eta domekan. EAEko andaluziarren elkarteek urtero antolatzen duten topaketa Durangon izango da, hirugarren aldiz. Andaluziako kulturagaz lotutako hainbat ekitaldigaz osatu dute egitaraua, eta herritar guztiak ere gonbidatu dituzte parte hartzera. Gainera, urtero Andaluziako herri bat gonidatzen dute, eta aurten Doña Mencía izango da. Hango artistak ere etorriko dira Durangora.
Zapatuan eguerdiko 12:00etan hasiko dute jaialdia, eta domeka iluntzean amaituko dute. Dantza, kantaldi, meza eta anaitasun afaria iragarri dituzte, besteak beste. Zapatuan, 12:30ean, Ikuskizun bateratua egingo dute Tronperri dantza taldeak, Durangoko Tabira musika bandak, eta Durangoko Andaluziarren etxeko abesbatzak eta dantzariek. Andaluziarren hamairu elkarte daude funtzionatzen EAEn, eta 6.500 lagun inguruko sarea daukate, azaldu dutenez.