Akatsak, bolantean, ez dauka atzera bueltarik

Anboto 2012ko ira. 24a, 13:34

Trafpol (Policias por la seguridad vial) eta Stop Accidentes elkarteek eratutako ekitaldian, auto istripu larri baten osteko egoerak ezagutu dituzte Durangoko ikasleek

Trafpol (Policias por la seguridad vial) eta Stop Accidentes elkarteek eratutako ekitaldian, auto istripu larri baten osteko egoerak ezagutu dituzte Durangoko ikasleek.

 

Trafiko istripuak ei dira gazteen heriotza eragiteko kausa nagusiak. Horretaz gogoeta egiteko ikuskizun hunkigarria izan da San Agustinen burututakoa. Gazte bi festan direla hasi da. Bat mozkortuta egon da eta etxera joateko autoa hartuko duela esan du. Esketxari barrez erantzun diote ikasleek, baina algarak laster amaitu dira. Istripu larri bat gertatu izan balitz legez, osteko gertakari segida taularatu dute benetan jazotako esperientzien bidez. Hunkituta, batek baino gehiagok ezin izan dio negarrari eutsi.

 

Udaltzain batek Durangon, Gasteiz Bidean, jazotako istripu bat deskribatu du. Gazte bat azkarregi zihoan eta autoaren kontrola galdu zuen. Bizkarrezurra apurtu zuen, eta berak jotako beste auto batean zihoan pertsona bat hil zen. "Gogorrena, familiaren etxera joan eta eurei bizitza apurtzea izan zen". Suhiltzailea etorri da gero. Kontatu du Athleticen partidutik mozkortuta zetorren batek istripua eragin zuela Boroan. "Ez zen jabetzen egin zuenaz". Bere erruz, beste auto batean gizon bat harrapatuta geratu zen gidariaren lekuan, eta atzean bere emaztea eta umea zeuden. Umea salbatu zen, baina emaztea ez. Suhiltzaileak, ikasleei zuzenduta, esan du gidabaimeneko azterketa suspendituz gero beste aukera bat dagoela, baina bolantean ez dagoela atzera bueltarik. DYAko boluntario batek beharrera zihoala bizitakoa azaldu du. Zaldibarren, bere aurretik zihoazen bi autoetako gidariak haserre edo lasterketan ei zeudela zirudien. Istripua eduki eta bat hil egin zen ospitalean. Boluntarioak esan du laguntzera joan zenean bere buruaren jabe zela hildakoa. "Kontatu zidan Ermutik Durangora zihoazela afaltzen, eta azkena heltzen zenak bokatak ordaindu behar zituela". Erizan batek bizkarrezur-muineko hausturen inguruan egin du berba, eta gero gurpildun aulkian dabilen emakume bat agertu da. 1988an istripua eduki zuen \'puntu beltz\' batean, eta ohartarazi du bizitza erabat aldatu ahal dela egun batetik bestera.

 

Hildako baten amak gonbidapen zehatza egin die ikasleei: "Izan zaitezte ausartak, azkarrak eta arduratsuak zuen lagunari mozkortuta dagoenean gidatzen ez uzteko".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!