Berbaldi laburrak, ardo dastaketak eta bazkariak egongo dira hilaren 29an.
Dastaketa ekologikoa topaketa antolatu dute irailaren 29rako Durangon. Marisatsak, ekoizle eta kontsumitzaile ekologikoen elkarteak, eta Plateruena kafe antzokiak bultzatu dute topaketa. Elikagai ekologikoekin loturiko ezagutza eta kultura bultzatzea eta bertako ekoizleak laguntzea da helburua, azaldu dutenez. Berbaldi laburrek, ardo dastaketak eta bazkariak osatuko dute egitaraua.
Goizeko 11:00etatik aurrera, doan, elikadura ekologikoagaz lotutako ekimen edo esperientziak kontatuko dituzte bost gonbidatuk. Ordu laurdeneko ekarpena egingo du bakoitzak. Lehenengo Xabier Lejarzegik hartuko du berba; Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluko zuzendaria da. Aitzol Mendiolak Iruñeko Landare kontsumo elkartearen izenean egingo du berba. Lekeitiko R.M. Azkue ikastolako jantokian hurreko elikagai ekologikoekin egiten dute lan, eta Jose De la Torre zuzendariak emango ditu azalpenak. Larrabetzuko herri eskolan ere antzeko egitasmoa daukate; guraso elkarteko Patxi Gaztelumendi gonbidatu dute. Sabrina Pato, Ekolapiko enpresako aditua ere etorriko da.
Ardo ekologikoen dastaketa 13:00etan egingo dute, Roberto Sarriugartegaz. Jaialdia amaitzeko, Platerueneko menu ekologikoa jango dute. 25 euro balio du ekimen bietarako txartelak; 12 euro umeentzat.