Natxo Martinez zinegotziak onartu du horrelako murrizketagaz ia ezinezkoa dela nobedaderik egotea egitarauan.
Sanfaustoak ere ez dira krisitik salbatuko. Aurtengo jaietarako aurrekontuak %30eko murrizketa edukiko du, Natxo Martinez zinegotziak prentsaurrekoan azaldu duenez. 247.000 euro inbertituko ditu udalak jaiak antolatzeko. Martinezek esan du murrizketa garrantzitsua dela: "Kontziente gara, ez dela dirua neurri barik gastatzeko sasoia". Onartu du hainbesteko beherakadagaz ia ezinezkoa dela egitarauan nobedadeak egotea. Edozelan ere, aurtengo sanfaustoetarako prestatu dituzten ekintza nagusiak azaldu ditu, jai batzordeko beste kide batzuek lagunduta.
Txosnagunea Kurutziagan ipiniko dela baieztatu du Martinezek. Hamazazpi elkartek hartuko dute lekua bertan, baina esan du oraindik negoziatzen dabiltzala kopuruaz. Txosnagunea urriaren 11n zabalduko den arren, ofizialki urriaren 12an hasiko dira jaiak. Tronperri, Txoritxu Alai eta Kriskitinek botako dute txupinazoa. Txupinazo txikiaren ardura Inurri eskaut taldeari eman diote; urriaren 14n ospatuko dute umeen eguna.
Egun bat gutxiago edukiko dute sanfaustoek. \'Zezenak dira\'-gaz ere gauza bera gertatuko da; urriaren 12an, 13an, 14an eta 20an egingo dute sokamuturra. Musikari dagokionez, Su Ta Gar eibartarrak izango dira kartelburu. Urriaren 19an joko dute Landako Gunean, Basaki taldeagaz. 23:00etan hasiko da kontzertua. Durangaldeko musika taldeekin klasikoen bertsio gaua eratu dute urriaren 8rako, eta La Banda del Soplo madrildarrek musika dantzagarria eskainiko dute 14an. Azken bi horiek Andra Marin izango dira.
Bestalde, urriaren 13an egin ohi den Marmitako txapelketa Landako Gunera eroango dute merkatu plazatik. 70 bikotek parte hartu ahalko dute aurten.