Komertzioetan, euskara darabiltenen artean tablet-ak zozketatuko dituzte.
Aparatu elektronikoa opari, euskara erabiltzea saritzeko. Bihartik aurrera, erosketak egiterakoan euskaraz berba egiteak saria edukiko du Durangon. Hainbat komertziotan, euskara erabiliz gero, tablet baten zozketan parte hartzeko txartel bat emango dute. Euskara indartzeko amua izango da tableta. 2013ko iraila bitartean sei zozketa egingo dituzte; lehenengoa azaroaren 1ean izango da. Euskarazko aplikaziodun I-pad markako tablet bana emango dute zozketa bakoitzean.
Ekimenaren aurkezpenean emandako datuen arabera, euskararen erabilera Durangon ez da %17ra heltzen. Komertzioan ere erabilera urria da, eta egoera horri buelta eman gura diote. Irabazi asmo bako ITG taldeak antolatu du Salerosketak be, euskeraz kanpaina. Hainbat erakunderen babesa dauka, tartean Durangoko Udala eta Berbaro elkartearena. Komertzioetan egitasmoa integratzeko bultzada +Dendak elkarteak eman du. ITGren izenean, Eneritz Izak garrantzia handia eman dio administrazioen, elkarteen eta komertzioen arteko elkarlanari. Aitziber Irigoras alkateak gogoratu du aurreko belaunaldiek euskaraz egiten zituztela salerosketak. Euskarari komertzioan arnasbide berria emateaz berba egin du: “Eremu hori berreskuratzea oso garrantzitsua da euskararentzat”.
Komertzioarentzako ere indartzeko aukera izan ahal da, alkateak berak eta +Dendak elkarteko Santiago Reyesek azaldu dutenez.
Zozketa, hile birik behin
Zozketak hile birik behin egingo dituzte; azaroa, urtarrila, martxoa, maiatza, uztaila eta iraileko lehen egunetan izango dira. Zenbaki sarituak jakiteko, www.anboto.org webgunean kontsultatu ahalko dute interesdunek. Bihar hasiko dira euskaraz erosten dutenak saritzen.