Gazteek geroago eta gaitzago dute lana topatzea. Krisi sasoian gazteen langabeziak nabarmen egin du gora azken urteotan. Durangaldeko datuei dagokienean, 25 urtetik beherakoen langabezia tasa %17,4koa da. 25 urtetik 34ra bitarteko adin tartean, berriz, %16koa. Espainiako datuak kezkagarriagoak dira oraindik. 25 urtetik beherakoen artean langabezia %52ra iritsi da. Beraz, lan egin gura duten gazteen artean, erdiak baino gehiagok ez du lanik. Aitor Isasti 28 urteko gazte durangarra da. Unibertsitateko ikasketak amaitu eta lan bila dabil.
Zein da zure lan egoera?
Momentu honetan langabezian nago. Azaroan lau urteko gradua amaitu nuen: Lan Harremanak, Leioan. Azarotik hona ez dut praktikarik egin.
Inoiz egin duzu lanik?
Elektronika ikasi nuen Maristetan eta lanean hasi nintzen. Lan istripua izan nuen eta eskua txarto gelditu zitzaidan. Orduan, beste zeozer ikastea erabaki nuen beste lan irteera batzuk izateko.
Lana bilatzea ere lana da.
Oso txarra. Lanbideko webgunean begiratzen duzu, baina ez dago eskaintzarik, ez nire arloan behintzat. Atzo sartu nintzen eta hiru aukera daude sei hilabetetan zehar. Eta bata Pontevedran da. Umore txarragaz amaitzen duzu eta txarto pasatzen duzu. ABLEetan [Aldi Baterako Lan Enpresak] ere apuntatzen zarenean ez dagoela ezer esaten dizute.
Zure inguruko gazteek zein egoera bizi dute?
Ezagutzen dut kimika ikasketak dituen lagun bat tabernan lanean , eta halako kasuak asko daude. Ikasle onak izan arren, ez daukate lanik. Guri gustatzen zaiguna ikasteko esan izan digute, baina gero ez daukate irteerarik lan arloan. Inguruan askotariko kasuak daude. Batzuk lanean eta beste batzuk langabezian.
Hartzen ari diren neurriei zer deritzozu?
Normala da hartzen ari diren neurriak hartzea. Beraiek ez dituzte langileak defendatzen, Burgesia da defendatzen dutena. Klaseen arteko borroka da. Hori aldatzeko langile mugimendua indartu beharko genuke. Isiltzen bagara beraiek aurrera egingo dute. Historian zehar hori mila aldiz gertatu da.
Krisi egoera honek badu konponbiderik?
Sistemaren arazoa da. Kapitalismoan krisiak ziklikoak izaten direla esaten dute, baina hau orokorra da, ez dago ziklorik. 2001ean ere %20ko langabezia egon zen. Tartean lan gehiago sortu da, baina prekarioa izan da. Bost urte iraun ditu. Kapitalismoak ez du gehiagorako ematen eta garapen soziala eman behar da.
Zelan ikusten duzu etorkizuna lan arloan?
Aukera guztiak aztertzen nabil. Kanpora joatea praktikak egitera, Lanbiden eskaintzak begiratzea, kurrikulumak bota ditut....
Kanpora joango zinateke, han lana topatuko bazenu?
Hizkuntzetan oso txarra naiz, baina tira... Hizkuntza Eskolan inglesa ikasten nabil. Karrera bat izan arren, ikasten jarraitu behar duzu. Aldaketa handia izango litzateke. Momentuz ez, baina ikusi beharra dago.
Greba orokorra deitu dute sindikatuek irailaren 26rako. Ados deialdiagaz?
Greba orokorraren alde nagoen arren, erreformen aurkakoa da. Kapitalismoaren aurka joan behar gara erreformak sistema honen eraginez sortzen direlako. Sustraia hortxe dagoelakoan nago. Sindikatuek langileak kontzientziatu beharko lituzkete aldaketa horretarako.