Athleticeko jokalari ohiak ikasturte hasierako probetan egon dira.
Lan-taldearen baloreak eta arazoei aurre egiteko metodologia lehenengo egunetik ipini dituzte martxan Maristak ikastetxean. Baina, gaur era ludikoan egin dute, ikasturteari hasiera emateko. Ikastetxean aplikatzen duten metodologia horrek, arazoekin batera kreatibitatea jorratzen du, Dani Irazola Berrikuntza arduradunak dioenez. "Arazoetan kreatibitatea lantzen, berrikuntza ere lantzen dugu". Jose Mari Argoitia eta Koldo Agirre jokalari ohiek sari banaketan parte hartu dute.
Seigarren urtez antolatu dute ikasturte hasiera berezi hori. Gaurtik aurrera, kurtsoan zehar, lan-taldeko lehiakortasuna praktikan ipintzea dute helburu. Taldeak ondo funtzionatu dezan, kaltegarriak izan ahal diren elementuak identifikatu eta horren aurrean zer egin adosten dute. "Lan-taldeko kontratua" deitzen diote, Irazolaren arabera.
Athleticeko ordezkarien bisita aprobetxatuz, Bilbo eta gabarraren inguruko proba egin dute gaur. "Gabarra lehen aldiz atera zeneko Bilbo eta gaurkoa ez dira berdinak; beraz, gaur egungo Bilborako moduko gabarra bat diseinatzea eskatu diegu ikasleei".