ELA: "Hilaren 26ko greba inoiz baino beharrezkoagoa da"

Anboto 2012ko ira. 7a, 15:12

ELA sindikatuko militanteek asanblada eta manifestazioa egin dituzte Durangon, irailaren 26ko grebaren atarian

ELA sindikatuko militanteek asanblada eta manifestazioa egin dituzte Durangon, irailaren 26ko grebaren atarian.

 

180 militante inguru batu ditu ELA sindikatuak Durangon egin duen asanbladan. Ostean, manifestazioa egin dute kalean, Espainiako Gobernuaren murrizketak salatu eta irailaren 26ko greba orokorrerako deia egiteko. Uribarri Irigorasek, Durangaldeko arduradunak, beharginak gogotsu eta borroka gogoz daudela azaldu du. Asanbladan ondorio berera heldu direla baieztatu du Irigorasek: "Hilaren 26ko greba inoiz baino beharrezkoagoa da".

 

Raxoiren gobernuak hartutako erabakiek gizarte osoa pobreziara kondenatzen dutela salatu du ELAko arduradunak. "Eraso gogor horrek bere neurriko erantzuna behar zuen eta, hori, greba orokorra izango da". Egun horretan kaltetuak sentitzen diren guztiek bat egingo dutela adierazi du. "Beste politika alternatibo batzuk daudela erakusteko aprobetxatuko dugu, eta Euskal Herriko politikariei hori exijituko diegu". Hauteskundeak datozela-eta, alderdi politikoei murrizketa horiek ez aplikatzeko eskatu die Irigorasek. "Salbuespen egoera ikusita, subiranotasunaren printzipioa defendatzen dugu, baita desobedientziarena ere".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!