Biolentzia sexistaren kontrako Andereak emakume taldeak elkarretaratzea deitu du, gaur, Durangoko Andra Mariko elizpean 20:00etan. Horrela, eguenero deitutako protesta ekintzekin hasiko dira berriro ere.
Gizarte berdintasunezkoagoa eskatzeko, elkarretaratzean parte hartzera deitu ditu herritarrak Andereak emakume taldeak. "Biktimen kopurua, eten barik, gora egoten ari da eta bere horretan diraue emakume horiek aurkitzen dituzten oztopoak. Leku guztietan sortzen da biolentzia, gure inguruan ere bai", diote. Horren haritik, gogoratu dute, Elorrion gizon bat atxilotu dutela asteburuan, bikote-ohia ostikatu eta konorte gabe uztea leporatuta. Gaineratu dute holako hainbat gertaera izan direla berriki.